100 lagun batu dira Malen jaietako Kuadrilla Eguneko bazkarian

2014/07/25

Mutrikuko Malen jaiek aurrera jarraitzen dute. Gaur, Kuadrila Eguna ospatu dute, eta urtero egin modura, kuadrilla bakoitzak bere jantzi koloretsuekin ospatu du eguna. Goiza futbito txapelketa “berezi eta xelebre” batekin hasi dute mutrikuarrek. Izan ere, Mutrikuko festetan ez da sekula zezenik faltatzen, eta Koadrila Eguneko futbito txapelketa ere, zezenekin egiten dute. Txapelketara, guztira, zazpi kuadrilla animatu dira. “Ohiko baino talde gazteagoak izan ditugu aurten, eta horien artean bi nesken talde ere”, azaldu dute antolatzaileek.

Txapelketa hamar minutuko partiduekin hasi dute, gero, sei minutuko partidak jokatu dituzte; eta, azkenik, finalean 4 minutuko partida jokatu dute bi kuadrilla finalistek. Txotx eta Ein kuadrillak heldu dira futbito txapelketako finalera; 100 euroko saria Txotx kuadrillakoek eraman dute, Ein kuadrillari 4-1 irabazi eta gero.

Herriko kuadrillen arteko futbito txapelketa amaitu eta gero, gazteek osatutako txaranga herriko bazterrak girotzen hasi da. Goiko Plazan hasi, eta kuadrillekin batera herria eta herritarrak girotzen ibili da txaranga bere musika doinu alaiekin. Bazkaltzera joan aurretik, txarangak lagunduta, poteoa egin dute, eta 15:00etan denak Goiko Plazan egin den kuadrillen arteko bazkarian batu dira.

200 pertsona batzeko erronka egin zuten herriko kuadrilek, baina gaur erdia bakarrik batzea lortu dute Goiko Plazan. Hala eta guztiz ere, giro “ezinhobean” batu dira kuadrillak plazan ipinitako mahai luzeetan. Txurruka Plazan batu direnek entsalada eta marmitakoa jan dute, eta amaitzeko, txokolatezko tarta.

 

 

TESTUA ETA BIDEOA: Mutrikuko Hitza
ARGAZKI GALERIA:Mutrikuko Udalaren facebook-ean (laster jarriko ditugu eskuragarri)