112 familia konposta egiteko kanpainan parte hartzen ari dira Mutrikun

2013/02/07
Ahalik eta gehien birziklatzea helburu hartuta, norbere hondakin organikoen kudeaketarako baliabideak jarri ditu Udalak herritarren esku; izena emateko aukera zabalik dago oraindik.

Norbere lursaila eduki edo ez, etxe bakoitzean sortzen diren hondakin organikoak birziklatzea. Hori da Udalak konpostajearen inguruko kanpainarekin bultzatu nahi duena, eta jada, hainbat herritarrek parte hartzen dute bertan.

Lursaila duten herritarrei autokonpostajea egiten baliabide guztiak eskaini dizkie Udalak Debabarrenako Mankomunitatearen bidez. “2006tik 2011ra 30 familiak eman zuten izena. Aurten, berriz, kanpaina hasi besterik ez denean egin, beste 54 famili daude euren hondakin organikoari irtenbide garbia ematen”, azaldu du Ingurumen zinegotzi Jaione Peñak.

Norbere lurrik ez duten herritarrei ere aukera bera eskaini nahi izan die Udalak. Herrigunean bizi direnentzako auzokonpostaje kanpaina dago martxan. “Auzokonposta egin ahal izateko lursail publikoetan gune bat jartzen da, eta inguruko familiek bertara jotzen dute hondakin organikoarekin ongarri naturala sortzeko prozesua gauzatzera”. Auzokonposta egiteko 28 familik ematen du izena, jada.

Bi kanpainek helburu bera dute: birziklatze tasa handitzea. Mankomunitateak emandako datuen arabera, mutrikuarrek urtean, 2.253.610,10 kilo hondakin sortzen dituzte eta horietatik 720.428,68 kilo birziklatzen dira, soilik. “Zabortegira 1,5 miloi kilo pasatxo zabor bidaltzen ditugu. Kopuru izugarria da, nabarmendu du Peñak. “Zabor ontzira botatzen dugunaren %40-50 hondakin organikoa da. Beraz, organikoa gaur egungo bilketa zirkuitutik aterako bagenu alde izugarria egingo genuke”.

ORGANIKOA BEREIZTEAREN GARRANTZIA
Materia organikoa ez bereizteak kalteak eragiten ditu, bai ingurumenean, bai osasunean.
Organikoa deskonposatu egiten da, eta gainontzeko hondakinekin batuta dagoenean, gas toxikoak edota lurra eta lur azpiko urak kutsatzen dituzten lixibiatuak sor ditzake

Kalte zuzenena zabortegiaren inguruko bizilagunek pairatzen dute sortzen diren usain txarrak oso direlako deserosoak. Baina gas toxikoek eta lixibiatuek ez dute mugarik ezagutzen eta epe luzerako kalteak eragiten dituzte ingurumenean eta gizakion osasunean.

Materia organikoa nahastuta jasotzean, gainera, ez da legea betetzen. Europako zuzentarauen arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek materia organikoa bereizita jaso behar dute 2001. urtea ezkero

“Norbere hondakin organikoa birziklatzeko modurik egokiena konposta egitea delakoan gaude”, dio Peñak. “Izan ere, modu horretan, hondakina ongarri bihurtzen da. Hila zenetik bizia sortzen da. Oso modu erosoan, gainera: beharrezko baliabide guztiak eskura edukiko baitituzte herritarrek”.

AUZO ALA AUTO KONPOSTA?

Autokonposta egin nahi dutenek, lursailen bat eduki behar dute derrigor eta Mankomunitatera jo behar dute. Auzokonpostaren ardura, berriz, Udalak dauka, eta lurrik ez duten herritarrei bideratuta dago.

Autokonpostatzeko hitza ematen dutenek honakoa jasoko dute: konpostagailua, konpostajeari buruzko gida-liburua eta norbere etxean aholkularitza. Guztia doan. Izena emateko 902 102 885 zenbakira deitu besterik ez da egin behar.

Auzokonpostajea aurrera eramateko herritarren partaidetza ezinbestekoa da. Parte hartu nahi dutenek ikastaroa jasoko dute, doan, eta Udalak beharrezko baliabide guztiak eskura jarriko dizkie. Izena emateko edo informazioa eskatzeko bi bide daude: 943-60 32 44 zenbakira deitu edo auzokonposta@mutriku.net helbidera idatzi. “Auzokonpostajearen inguruan, Udala Mutriku Zero Zabor taldearekin elkarlanean dabil. Izena eman dutenekin gune pilotu bat martxan jartzea da daukagun hurrengo asmoa”.