2014an herriko autobus zerbitzua mantendu nahi du Udalak

2013/12/13
Herritarren ekarpenak eta zerbitzua eskaintzen dutenen esperientzia kontuan hartuta, urte berrirako proposamena lantzen ari dira.

Azaroaren 8ra arte 2.423 pertsonek erabili dute herribusa. “Urtea amaitu orduko 4.000 izatera helduko garela aurreikusten dugu, erabiltzaile kopuruaren eboluzioari begiratuta”, gaineratu du Gobernazio buru Joxean Agirregomezkortak.

Datuak ikusita, Udala pozik dago Herribusaren funtzionamenduarekin, eta datorren urtean ere zerbitzua eskaintzea dute asmo. “Zerbitzua ezagutu ahala, gero eta gehiago erabiltzen dute herritarek. Gure lana haien beharrei ahalik eta hobekien erantzutea da”.

Zerbitzua herritarrentzako ahalik eta egokiena izateko asmoz, Udalak bi bilera ireki egin zituzten herritarrekin, ekarpenak jasotzeko. “Bileretan jasotakoak datorren urteko plangintzara gehitu ditugu. Ekarpenak egiteaz gain, herritarrek, orokorrean, zerbitzuarekin gustura daudela adierazi ziguten”.

Herritarrekin ez ezik, zerbitzua eskaintzen duten enpresako kideekin ere batu da Udala, eta haien eguneroko esperientzia ere baliatuko du 2014ko zerbitzua zehazteko. “08:00-11:00ak bitarteko tartea da herritarrek gehien erabiltzen dutena. Arrakasta handia izan dute ere ikastolarako zerbitzuak eta hondartzarakoak”, aipatu du Agirregomezkortak. “Guzti hori kontuan hartuta ari gara zerbitzuaren diseinua egiten”.

URTE OSOKO ZERBITZUA
Oraindik Udala azken proposamena lantzen ari den arren, zerbitzuaren oinarriak finkatuta daude.

Herribusa urte osoko zerbitzua izango da, eta hiru ordutegi edukiko ditu: negukoa, udaberri-udazkenekoa eta udakoa. “Urtaroen arabera, herritarren beharrak aldatu egiten direnez, horri jarraituta diseinatuko ditugu ordutegiak eta ibilbideak”, azaldu du Agirregomezkortak. 

Goizeko zerbitzua gehien erabiltzen den orduetara mugatzea, eta udaran arratsaldeko zerbitzua jartzea ere aztertzen ari dira. “Zerbitzua egokitzen jarraituko dugu herritarren eskaerei eta beharrei guztiz erantzun arte. Hori izan da hasiera-hasieratik zerbitzu honen helburua, eta bide horri eutsiko diogu”.