‘Euskeraz bizi nahi det’ aldarrikatuko dute mutrikuarrek zapatuko lasterketa herrikoiarekin
Euskeraz bizi nahi det oihua lau haizetara zabalduko dute mutrikuarrek zapatuan, Kiroldegitik Beheko plazaraino egingo duten herri lasterketan. “Lasterketa deitzen diogun arren, ez dago lehiarik; elkarrekin kalera irten, mezua zabaldu eta, aldi berean, ongi pasatzea da ideia”, adierazi dute BaiTxo euskara elkarteko kideek.
Lasterketarekin bat egiteko hiru gune egongo dira: kiroldegia, San Miguel ikastetxea eta Goiko plaza. “Bakoitzak erabakiko du nondik aurrera parte hartu. Hori bai, gune horietako bakoitzean, amaieran egingo dugun oparien zozketarako zenbakiak banatuko dira 12:00ak arte. Beraz, zenbakia eskuratzeko eta dena prest egoteko, komenigarria da ordu hori baino lehen guneetan egotea”.
Lasterketa berezia izango da. Izan ere, Ibilbidean zehar, besteak beste, herriko kultur taldeek eta ikastetxeek egindako ekarpenekin egingo dute topo. “San Miguel eta Goizeko Izarra, antzerki taldea, Txantxangorri, Bertso Eskola, MUGA, guraso elkarteak, konpartsa…askok parte hartu dute, eta eguna biribildu dute, dudarik gabe”.
LASTERKETA PAUSOZ PAUSO
Lasterketa hasi aurretik, ikastolako patioan, Txantxangorrikoek jarriko dute giroa: aurpegi pintaketa tailerra eta jolasak egongo dira 10:00etatik aurrera.
Lasterketa 12:00etan hasiko da. “Nahi duen guztiak parte hartzeko modukoa da, poliki, giro onean egingo dugu ibilbidea; kalejira bat balitz bezala”, aitatu dute.
Ikastolatik San Miguelera joan dira lehendabizi. Gune horretan daudenak batu ondoren, Goiko plaza aldera egingo dugu, baina sartu gabe”. Frontoian behera, Beheko plazara eta ondoren, Konde kaletik Goiko plazara egingo dute parte hartzaileek. “Zabiel plazan ere jolasak eta euskarak bat egingo dute, Txantxangorrikoei esker”.
Goiko plazan, jendeak bat egiteko aukera edukitzeaz gain, bi ikastetxeetako ikasleek prestatutako dantzaz gozatzeko geldialditxoa egingo dute. Beste zenbait elkartek ere puntu horretan bat egingo dute lasterketarekin.
Azken txanpan, Erdiko kaletik Beheko plazara egingo dute, eta han azken jaia egingo dute. “Amaitzeko denetarik egongo da, bertsoak, dantza, kantua, oparien zozketa…eta nola ez, euskeraz bizi nahi degula, behin eta berriz, adierazteko aukera!”.