‘Flysch, haitzen hitza’ dokumentala eskuragarri dago
Flysch haitzen hitza. Horrela deitzen da Geoparkearen arduradunek kaleratu duten dokumentalak. Alberto J. Gorritiberea zinemagilea eta Geoparkako Zuzendari Zientifiko Asier Hilario izan dira lana zuzendu dutenak.
Nazioartean ospetsuak diren 25 zientzialariren hitzak jasotzen dituzte domukemaetalean, eta hainbat jaialditan sariak jaso ditu: nabarmentzekoa da 2010ean IAMSen eskutik (International Association of Media for Science) jasotako irudi zientifiko onenaren saria.
Munduko hainbat toki zeharkatzen dituen bidaia egiten du dokumentalak. Flysch, haitzen hitza Zumaian hasten da. Ondoren, Islandiako glaziar eta paisaia bolkanikoak zeharkatzeko. Wyomingo (AEB) paisaia zakar eta harrigarriak erakusten ditu gero; Yellowstone, munduko parke nazional zaharrenean barneratzen da, eta azkenik, Mexikoko kostaldean egiten du bidaia, dinosauroen desagertzea eragin zuen meteoritoaren inpaktuaren arrastoen bila. «Gure planeta ezagutzeko bidaia zirraragarri honetan, dokumentalak hausnarketarako gonbitea ere egiten du, aldaketa klimatikoaz edota krisi biologikoaz, Zumaiako itsaslabarren denbora geologikoak ematen duen ikuspuntutik begiratuta», azaldu dute Geoparkeko arduradunek.
73 minutuko iraupena dauka dokumentalak, eta euskaraz edota gaztelaniaz ikus daiteke, ingelesez azpitituluak jarrita. DVDa eskuratu nahi dutenek Zumaiako, Debako eta Mutrikuko turismo bulegoetan zein Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dute horretarako aukera.