75 urtetik gorako herritar guztien eguna ospatuko dute mutrikuarrek barikuan
Abuztuak 15 jai egun berezia da hainbat lekutan; baita Mutrikun ere. Izan ere, duela 43 urtetatik Zaharren Eguna ospatzen da egun horretan, Ziñua elkarteari esker.
Hala ere, aurtengoa 42. Zaharren Eguna izango da, urte baten ezinezkoa izan baitzen ospatzea. Zaharren Eguna 75 urtetik gorako herritar guztientzat izaten da.
Egunari hasiera emateko meza entzungo dute, 11:00etan, parrokian. Handik irtenda Gure Ametsa Dantza taldeko dantzariek Agurra egingo diete herriko txistulariek lagunduta. Ondoren parrokiko eskilaretan taldeko argazkia atera, eta hamaiketakoa jatera jaitsiko dira udaletxeko arkupeetara.
Jarraian, eguneko momentu bereziena helduko da: herriko zaharrenei omenaldia. Horren aurretik, baina Jon Azpillaga eta Laxaro bertsolariak kantuan hariko dira bertaratzen diren guztien gozamenerako. "Omenaldia ez zaie herriko zahrrenei egiten. Oraindik omenduakizan ez diren herriko gizon-emakume zaharrenei baizik. Horrela, poliki-poliki ahalik eta herritar gehienek jasotzea da lortu nahi duguna", adierazi dute Ziñua elkarteko kideek.
Omenduek opari bana jasotzen dute; eta horrez gain, gizonezkoari txapela ere janzten diote. "Aurten emakumeak ere gorde ahal izango duen detailea jasoko du: lepoko zapia jantziko diote eta", azaldu dute. Behin hori eginda alkatearen agurra jasoko dute ekitaldiari amaiera emateko.