Abenduaren 11tik 14ra Gabonetako janari bilketa egingo dute herrigunean

2013/12/07
Herriko elikagaien bankuko taldea Udalarekin elkarlanean ari da, eta 19 dendetan jarriko dituzte bilketarako bideak.

Azaroaren amaieran, DIA supermerkatuan egindako janari bilketak arrakasta handia izan zuen. Orain, herrigunean bertan egin nahi dute bigarren bilketa bat; oraingoan, Gabonetara begira.

Azaroko bilketan bost edukiontzi handi, zortzi edukiontzi txiki eta hogeita hamar kaxa bete zituzten jendeak egindako ekarpenekin. "Poz-pozik gaude, erantzuna uste baino hobea izan baita", adierazi dute herriko taldekoek. "Jende asko gogoz gelditu zen, ordea, eta aurreratu genien herrian ere bilketa egiteko asmoa genuela", gaineratu dute.

Abenduaren 11tik 14ra izango da oraingoan bilketa. "Gabonak datozenez, oinarrizko elikagaiez gain, Gabonetara begirako produktuak ere eskaintzea eskertuko genioke jendeari. Gabonetan denon otorduak izaten direnez bereziak, jateko ez dutenek ere aukera hori edukitzea nahiko genuke, ahal den heinean", azaldu dute.

Bileta egiteko herriguneko 19 dendekin jarri dira harremenetan. "Alkateak gutun bana idatzi die ekimena aurkeztuz eta parte hartzera animatuz. Taldekoek parte hartzeko moduaren berri eman diegu".

Herritarrek bilketan parte hartzeko bi modu topatuko dituzte: denda batzuetan janaria lagatzeko kaxak topatuko dituzte; beste batzuetan, berriz, itxulapikoak egongo dira. "Itxulapikoetan batzen den diruarekin, itxulapikoa dagoen dendan bertan galtzen diren produktuak erosiko ditugu; arraina, haragia...banaketa egin aurrean egingo ditugu erosketak, horrela, aipatutako produktu horiek ere banatzeko aukera edukiko dugu".