Abendurock barruan bihar Eratu eta larunbatean MRK gaua

2013/12/19
Sarkor taldea ez da izango gitarristak istripua izan duelako.

Abendurock rock emanaldiek aurrera jarraitzen dute erabateko arrakastarekin. Izan ere dagoeneko Petti eta Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak eskainitako emanaldiak jende ugari bildu zuten Bodegoia eta Zubiaram tabernetan, hurrenez hurren.

Bihar eta etzi izango diren emanaldiak Gaztetxean ospatuko dira, toki estali handiagorik ez baitago herrian musika emanaldietarako. Biharkoan talde bakarra izango da, Eratu taldea hain zuzen, Sarkor talde gernikarreko gitarra joleak ukondoa hautsi baitu, beraz beraien emanaldia bertan behera gelditu da.

Kontzertu osoa Eratu taldearentzat gelditu da, duela bi urte sortu zen taldea eta dagoeneko Euskal Herri osoan 40 kontzertu baino gehiago eskaini dituztenak. Taldean musikagintzan guztiz jorratuak dauden kideak daude, izan ere Unai gitarra jole eta abeslariak Laia eta Sortuz bezalako taldeetan aritutakoa baita, Aitor bateria joleak berriz Laia, Joxpa, Tuboskapi, Kemen Lertxundi eta abarrekin aritutakoa da, eta hirukoa osatzeko Joseba 'Xasta' baxujotzailea bildu zitzaien. Kontzertua 23:00etan hasiko da Gaztetxean.

Larunbatean berriz, laugarren aldiz MRK gaua ospatuko da. Bertan, Mutrikuko Rock Kolektiboa osatzen duten 25 bat musikok parte hartuko duten bertsioak eskainita. Krausk, Tinta Roja, Melissa and the Jacks, Markos Unzeta eta abarretan dihardutenak izango dira, baina baita musikari gazteak ere, beteak beste Ander Gorritxategik zuzentzen duen bostekoa. Kontzertua hau ere 23:00etan hasiko da Gaztetxean eta ohi bezala doan izango dira bi musika emanaldiak. 

TESTUA: A. Gorritiberea