ABERRI EGUNEKO ADIERAZPENA
Igandean ospatuko dugun aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, konfinamendu betean aurkitzen da euskal jendartea eta honez gero Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena ezagutzeko aukera eduki dugu gaitz hau bitarteko zendu diren mila inguru herritarrengan eta gaitzak jota dauden milaka horiengan. Mundu mailako krisi humanitario honek, sanitarioak diren ondorioez gain, alor ezberdinetan eragina izango dutenak ekarriko dizkigu. Edonola ere, aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan eragingo dituzten aldaketek batik bat politika alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea espero dugu. Esan beharra dago, bestalde, historia hurbiletik aztertzen badugu, bere 88 ospakizunetatik, ia erdiak baldintza berezietan ospatu behar izan direla. Hiru urte gerra baten erdian, berrogei gehiago diktaduran, klandestinitatean eta erbestean. Baina zailtasun eta oztopo guztien gainetik, beti aldarrikatu dugu “Euskotarren Aberria Euskadi da”. Esaldi soila baina bere baitan Herri batek aske izateko daukan nahia eta helburua amore eman gabe aldarrikatu nahi izan du.
Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki guztien bizitza duina eta zoriontasuna ere mundu mailako lehentasun bilakatu behar honen baitan ulertzen dugu gure aberriak hartu behar duen itxura. Euskal Herria munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da, eta inoiz baino beharrezkoagoa dugu Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik oraindik aitortu gabeko herri honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar den hausnartzea; nazioa aitortzea ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitate garapenarekin eta honen jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial eraldatzaileen arteko lankidetzarekin, nortasuna eta aniztasuna bateratzearekin. Eskubide oinarrizkoen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria. Oinarrizko eskubideen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.
Erabakiguneak erabakiak gauzatu beharko diren lurraldeetatik zenbat eta hurbilago egon orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzuten zaie egoera zailei. Zer izan behar garen erabaki nahi dugun bezala, gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi dugun bezala, krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa ere aldarrikatzen dugu. Bat egiten dugu herri honen sen demokratikoarekin.
Gaur, adierazpen honetan gogoratu behar ditugu beren negozioak itxi behar izan dituzten pertsonak, beren lanbideak desagertuta ikusi dituzten milaka eta milaka langile autonomoak, baita langabezian geratu diren milaka langileak edo ERTE batean geratu direnak ere. Milaka eta milaka herrikide dira orain beren egoerarekin eta enpleguarekin zer gertatuko ote den galdetzen ari direnak. Geuri dagokigu erantzun itxaropentsu eta fidagarria ematea, Aberri Egunaren historiak argi erakusten du Euskadik bere askatasun nazionala lortzeko egin behar izan duen bidea ez dela sekula erraza izan. Orain ere ez. Baina beti jakin izan dugu une latzak gainditzen, eta inoiz ez dugu gure adorea galdu, ez dugu sekula lurra jo, guztiz alderantziz baizik, aurrera egiteko akuilu gisa balio izan digute.
Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobe bat xede lanean hasteko prestutasun osoa gordetzen dugu. Horregatik, Aberri Egun hau egoerak eskaintzen dituen aukera urriak baliatuz, Mutrikuko Udalak
I.- Doluminak helarazten dizkie senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.
II.- Eskertza mezua helarazten die osasun eta zaintza arloko langileei eta beren onena ematen dabiltzan herritar guztiei .
III.- Udaletxeko balkoian Ikurriña jarriko du masta erdian.
Eta dei egiten die herritarrei
I.- Eguerdiko 12:30ean minutu bateko isiluneaz dolua parteka dezaten krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan diren ehunka familiekin.
II.- Ikurriñak jarri ditzaten etxeetako balkoietan.
III.- Hainbat eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.