Abian da Debabarreneko enplegu plana, prestakuntza, kontratazio eta ekintzailetasun proiektuekin
Debabarreneko Enplegu Plana eskualdeko jarduera ekonomikoa sustatzeaz arduratzen den Debegesa Garapen Agentziak burutu du, Debabarreneko Udaletxe guztiekin batera, Ermua eta Mallabia izan ezik, hauek euren Enplegu Plan propioa baitute.
Plan honek dituen helburuen artean, enplegu-aukerak sortzea eta eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatzea dira nabarmendu daitezke.
Debabarreneko Enplegu Plana Lanbidek eginiko deialdiaren baitan kokatzen da. Lehendabiziko fasean, 2012ko irailean hasitakoa, diagnostiko sozioekonomikoa eta eskualdeko lan-merkatuaren azterketa egin zen. Fase honetan, udal-ordezkariekin batera, udaletako langileria teknikoak, agente sozialek, ikastetxeek eta enpresa eta arlo ekonomikoan diharduten ordezkariek parte hartu zuten.
Fase hau amaitutakoan, proiektu konkretuak definitu dira, 2013an gauzatuko direnak. Hala nola, prestakuntza ikastaroak, kontratazioak eta autoenpleguaren sustatzea.
Planak, halaber, bi proiektu jasotzen ditu bereziki Eibarren ezartzeko (prestakuntza eta kontratazioa) eta beste proiektu bat Soraluzen garatzeko (prestakuntza), bi udalerri hauetan langabezia datuak altuak baitira.
Ekimenak 424.288 euroko kostua du guztira; %85 Lanbidek jarriko du, 360.645 euro, eta Udalek gainerako %15a, 63.643 euro.
Langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaroak
Prestakuntza langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko giltzarria da. Debabarreneko eskualdean langabezian daudenen %70a kualifikaziorik gabeko pertsonek osatzen dute, hau da, lehen mailako edo batxilergorainoko ikasketak dituzte. Datuek agerian uzten dute prestakuntza hobetzeko beharra langabeziaren ondorioak gehien sufritzen dituztenengan, lan-aukerak handitze aldera.
Honengatik guztiagatik, Debabarreneko Enplegu Planak 9 prestakuntza ikastaro espezializatu eskainiko ditu langabezian dauden 129 pertsonentzako. Ikastaroak apirila eta iraila bitartean egingo dira. Hautagaien aukeraketa Lanbidek egingo du.
Ikastaroak honako hauek dira:
• Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. 18 plaza.
• Eraikuntza sektorean lan-esperientzia duten pertsonen prestakuntza. 15 plaza.
• Ibilgailu hibrido-elektrikoen interbentzioa. 12 plaza.
• Automatizazio industrialeko sistemen proiektuen garapena. 12 plaza.
• Nazioarteko merkataritzako prestakuntza teknikoa. 25 plaza.
• Animaliekin lagundutako interbentzioetan Teknikari eta Aditua. 10 plaza.
• Merkataritza sektorearen rekualifikazioa. 6 lagunen prestakuntza eta kontratazioa (Eibarko proiektua)
• Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. 16 plaza. (Eibarko proiektua)
• Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa eta laguntza psikosoziala ematea. 15 plaza. (Soraluzeko proiektua)
Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da Debabarrenean bizitzea edo bertan erroldatuta egotea, eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Informazio gehiago nahi dutenek, Eibar (943 127 239) edota Elgoibarko (943 744 425) bulegoetara jo dezakete edota www.lanbide.net atarian kontsultatu dezakete.
Gaitasun ekintzailea eta berrikuntza sustatzea
Ikastaroen gainera, Enplegu Planak autoenplegua eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatuko du.
Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, enpresa berrien sorrera bultzatzeko zerbitzua indartu egingo du, sektore estrategiko eta merkatu-hobi berrien arloan.
Horretarako, Debegesak eragileei laguntza eskainiko die negozio-ideiaren analisia, bideragarritasun azterketa eta txosten ekonomiko-finantzarioa egiterako orduan, eta aholkularitza ere eskainiko die enpresa-proiektua martxan jarri dezaten, hala nola, eman beharreko pausoak, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa, finantzazio formulak, itunak…
Debegesak urte askotako eskarmentua du arlo honetan. Ekintzaileei laguntzeko zerbitzua martxan da aspaldidanik Eibarko bulegoetan, enpresa-proiektu berriak abian jartzeko doako aholkularitza eta informazioa emanez. Hain zuzen, 2012an 172 kontsulta jaso zituen Debegesak eta 22 enpresa berri eta 33 lanpostu sortzen lagundu zuen.
ITURRIA: DEBEGESA.