AFAGIk zerbitzu psikosoziala Mutrikun bertan eskainiko du urtarriletik aurrera
Udalak anbulategi zaharreko lokal bat utzi du AFAGI erakundearen esku alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten pertsonek eta haien senitartekoek laguntza psikosoziala jaso ahal izateko. Orain arte Eibarrera edota Donostiara joan behar izaten zuten. Orain berriz, herrian bertan edukiko dute AFAGIk eskaintzen duen laguntza jasotzeko, hilero zehaztu gabe dauden, bi martitzenetan, 10:00etatik 13:00etara.
Lokala epe mugarik gabe lagatzea erabaki du Mutrikuko Udalak. “Beharra dagoela ikusi dugu, eta Udalak mutrikuarren kezka jaso du. Eskaera horren aurrean aukera zegoela ikusi, eta proiektua aurrera eramatea erabaki dugu. Ez dugu pentsatzen arazo honekin amaituko dugunik, eta beti egongo da honetarako beharra”, azaldu du Arrate Uranga Mutrikuko Politika Sozialeko buruak.
Alzheimerra dutenen familiei laguntza ematea berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Koldo Aulestia AFAGI (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) presidenteak. “Ahalik eta herri gehienetara hurbiltzea beharrezkoa da. Orain arte, Debabarrenako zerbitzua Eibarren izan dugu. Felix Peñaren lanari esker, Mutrikuri ere bultzadatxo bat eman, eta zerbitzua martxan ipintzea erabaki dugu bertoko jendearen eta Udalaren interesa ikusi ondoren”.
Eibarren orain arte egin izan ohi duten modura, Mutrikun ere, ordu eta erdiko arreta eskainiko diote familia bakoitzari. Zerbitzuaz baliatu nahi duten guztiek, hitzordua aldez aurretik eskatu beharko dute 943 29 71 18 telefonora deituta edota afagi@afagi.org posta elektronikora idatzita. Familia bakoitza bakarka hartuko dela gogora ekarri du Aulestiak.
Herritarrek egindako eskaria
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak alzheimerra dutenen familiei eskerrak eman nahi izan die lokalaren aurkezpenean. Batez ere ere Felix Peña herritarri, udal taldeari hainbat alditan eskaera egiteagatik. “Herri mailan burutzen ari den lana eskertzekoa da. Guretzat pozgarria da zuen lana erraztea. Arazoa ez da zuena, Mutriku osoarena baizik”.
Alkateak mutrikuar guztien izenean AFAGI elkarteari ere eskerrak eman nahi izan dizkio Mutrikun zerbitzua martxan ipintzeagatik. “Zerbitzua Eibartik Mutrikura ekartzea guretzako aurrerapausu handia da. Ordubeteko bidaia saihestea asko da herritarrentzako”.
Bideoa: Mutrikuko Hitza