Aitor Lizardik irabazi du Ziriako Andonegi ipuin lehiaketa
Sari nagusia eta mutrikuar onenaren saria Aitor Lizardik eskuratuko ditu Ziriako Andonegi lehiaketan. “Lan onenak saritzea izan da lehiaketaren irizpidea hasieratik. Idazle berarenak diren edo ez epaimahaikideek ez dakite, eta idazle berarenak izan arren, lanak baloratuko zirela adostuta genuen”, azaldu du kultur teknikari Iratxe Gimenezek.
Epaimahaikideak Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrak eta Hitza egunkariko kideak izan dira. Guztiak bat etorri dira Lizardiren lanen kalitatea azpimarratzean. Hiru lan aurkeztu zituen mutrikuarrak , eta balorazio altuena jaso dutenak izan dira. Lanen sailkapena honakoa izan da: hurrenez hurren, Bosgarren solairutik, Nork Hil du Mary G? eta Berandu.
Ziriako Andonegi ipuin lehiaketaren sari nagusirako bederatzi lan aurkeztu dira aurten; mutrikuar onenaren sarirako, berriz, bost lan egon dira aukeran. 16-18 urte bitartekoen artean ez da inor aurkeztu. “Iaz lanak eduki genituen maila horretan. Beraz, datorren urterako animatzeko esan nahi genieke; lan txukunak egiteko gai direla badakigu eta”.
Sari banaketa, bihar, abenduak 13, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan izango da. “Herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta”.