Antzerkia izango da protagonista datozen bi asteburuetan
Hilaren 17, 18, 23 eta 25. Horiek dira antzerkiak goitik behera bustiko dituen egunak. Adin guztiekin pentsatuta antolatu du Udal Kultur Sailak aurtengo Antzerkiaz Blai.
Arrasateko talde amateur batek emango dio hasiera egitasmoari. Asaba Zaharren Oihartzuna antzezlana oholtzaratuko dute Arizan taldeko kideek, zapatuan, 20:00etan, Zabiel kultur etxean. Arrasateko taldeak Nafarroako konkistaren garaira itzularaziko ditu ikus-entzuleak.
Gai beraren inguruan, baina oraingoan ikus-entzule gazteagoak gogoan hartuta, domekan, 18:00etan, Zabielen bertan Arrain herriaren memoria galdua lana ikusteko aukera egongo da. Zirikatu Bu! taldea izango da umeentzat prestatutako lana oholtzaratuko duena. Eta oraingoan Nafarroako konkistara arteko ibilibide historikoa izango da lanaren oinarria.
Bigarren asteburuan, berriz, herritarrek beteko dute. Izan ere, herritarrak izango dira antzezle, herritarrak gidoilari eta herritarrak ikus-entzule nagusi. Azaroaren 23an, herrian arrakastatsua den formula erabiliko dute Goizeko Izarrakoek: kafe-antzerkia.
Tabernaz taberna joango dira Ziriako Andonegiren bi lan antzeztuz: Euskaldun erdaldun eta Nolako Peru halako Mari. 23:00etan hasiko dira martxan, eta ondoko tabernak pasako dituzte: Zubiaran, Zubixa, Loretxu, Bodegoia eta Subeltz.
Domekan, berriz, Zabieleko ganbara hartuko dute, eta Andonegiren hainbat obra eskainiko dituzte. Emanaldia 19:30ean hasiko da. "Goizeko Izarrakoen lana funtsezkoa izaten da Antzerkiaz Blai antolatzeko eta egitasmoak bizirauteko", azaldu dute udal teknikariak. "Eskertzekoa da egiten duten lana, eta poztutzekoa da herrian horrelako jendea edukitzea".
SARRERA TALDEENTZAT
Antzerkiaz Blairen baitako bi emanaldirentzat sarrerak eskuratu beharko dituzte herritarrek. Antzerkia herritar guztientzat eskuragarria izateko, iazko prezio berean salduko dituzte sarrerak.
Azaroaren 17ko eta azaroaren 25ko emanaldiek edukiko dute sarrera. 3 euroren truke salduko dira, eta ez da aurre salmentarik egongo; hau da, emanaldia hasi aurretik Zabieleko atean bertan eskuratu ahal izango dira. Emanaldiko sarrera taldeentzako izango da.