ANTZERKIAZ BLAI 2015

2015/11/09
Domeka honetan, hilak 15, Antzerkiaz Blai jardunaldiak hasten dira Sialuk, Hartz txikiaren bidaia lanarekin. Zabiel kultur etxean izango da arratsaldeko seietatik aurrera. Sarrera doan da.

Sialuk, Hartz txikiaren bidaia En la Lona antzerki taldearen lana da. Sialuk hartz arrea da, burutik oinetaraino marroi marroia eta ipar poloan bizi da bere ama Nannuralukekin batera; Nannuraluk ipar hartza da, burutik oinetaraino txuri txuria.

 

Sialuk zoriontsua da ipar poloan, baina badu zerbait, halako egonezin bat… bere historia ezagutu nahi du. Horretarako jaio zen basora bueltan eramango duen bidaia bati ekingo dio. Bertan bere beldur eta fantasiei egin beharko die aurre. Bere iragan eta jatorriaz jabetuko da eta bere ama biologikoaren, hots, hartz arrearen historia ezagutuko du.

Azkenik Sialuk ipar polora itzuliko da baina bere barruan zerbait betiko aldatu da. Bihotza oroitzapen gozoz beterik dago eta bere ama, ipar hartza, besarkatzeko irrika dauka. Orain bere historia ezagutzen du. Sialuk hazi egin da.

 

Sialuken bidaiak adopzioaz, laguntasunaz eta emozioetaz hitz egiten digu. Eduki sinbolikodun bidaia zirraragarria da.