Apirilak 6an Berdel Eguna 2019 ospatuko da
Berdel kanpainak itsasoari loturiko sektorearentzat duen garrantzia handia da eta Berdelaren promozioan, Berdel Egunarekin azken 24 urte hauetan eman den laguntza xumea baina gogotsua bistaratu nahi genuke hitz hauekin ere.
Ezinbestekoa da beraz Berdelaren promozioarekin jarraitzea arrain honen ezaugarri gastronomiko eta osasungarriak ezagutzera emanaz. Eta guk horretan lanean jarraituko dugu.
Berdel eguna aurrera atera ahal izateko, aste honetan zehar hainbat lan burutu behar dira. Lan hauetako batzuk udal langileek eginten dituzte, baina beste asko, boluntarioek. Izan ere, Mutrikuko Berdel Eguna, boluntarioek egiten duten lan handian oinarritzen da eta euren lan honi esker, herriaren izena Euskal Herri guztira zabaltzen da, beraz, udalaren aldetik eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu.
Egin beharreko lan horien artean, garrantzitsuenak hauek dira eta herrian ahal duen guztia gonbidatu nahi dugu, lan hauetan laguntzera.
Egositako berdela garbitu: Berdela gaur asteazkena egosiko da Zizzo Billante Hermanos S.A kontserberan, eta horren ondoren, berdelaren hezur guztiak kendu behar dira, garbi- garbi utzi arte.
Horretarako, lagundu nahi duenak hitzordu hau du:
- Apirilak 3 eta 4 (asteazkena eta osteguna): 15:00etatik aurrera Mutrikuko Lonjan, portuan.
- Berdel freskoa pelenkatu: Berdel egunean bertan parrilan prestatuko den berdela aurrez garbitu eta prestatu beharra dago. Lan honetan lagundu nahi duenak, hau da hitzordua:
- Apirilak 5 (ostirala): goizeko 9:00etan, Mutrikuko Lonjan, portuan.
APIRILAREN 6A, LARUNBATA- BERDEL EGUNA:
Goizetik hasita jarduera ezberdinak izango dira Mutrikun. Aurten ere, goiz partean, 10:30etatik aurrera, Txurruka plazan, Artisau eta Sortzaileen azoka izango da, Eixu Elkartearen laguntzaz antolatua. Horrez gain, Txurruka plaza inguruan, Goizeko Izarra ikastolaren 50. Urteurreneko errifak eta arropa saltzen postu bat izango da eta Danok Bat elkartekoek ere errifak saltzeko karpatxo bat izango dute. Kilomentroak 2019ko antolatzaileek ere salmenta postua izango dute txurruka plazan.
Bestalde, Marokora Rally Solidarioak antolatuta, karpa bat izango da Beheko Plazan, bertara eramateko arropa bilketa egiteko helburuarekin. Bidaia egiteko erabiliko duten autoa erakusgai izango dute plazan bertan.
12:00ak aldera, trikitilariek kalejira hasten duten ordu berean Mutrikuko XIV. Belauntzien Arteko Txapelketari hasiera emango zaio, 17:00ak aldera amaitzeko.(Hau beti, eguraldiari loturiko ekimena izango da)
Urtero bezala, herriko abesbatzaren kontzertua ere izango da 13:00etan, Madalen abesbatza, Anaiarte Abesbatza eta Kantuz Bizi abesbatzak hartuko dute parte. Kontzertua Zabiel plazan aurreikusten da, baina eguraldiak laguntzen ez badu, Komendura pasako da kontzertua.
Ohikoa den bezala, eguerdi partean Berdel Pintxo-Potea izango da herriko hainbat tabernetan. Herriko taberna gehienek parte hartuko dute eta guztien artean ia 400kg berdel prestatuko dituzte pintxo ezberdinetan. Kalkulatzen da herrian, 20.000 pintxo baina gehiago emango direla taberna guztien artean.
18:00etatik aurrera BERDEL PINTXO DASTAKETA HERRIKOIA hasiko da portuan, herriko boluntarioen eta jatetxeetako sukaldarien eskutik. Mutrikuko portuan, bederatzi errezeta bikain dastatu ahal izango dira aurtengoan:
- Berdela Illarrekin: Debako Urgain jatetxeko Xabier Osa sukaldariak, illarrekin eginiko berdela prestatuko du pintxo formatoan.
- Berdel albondigak saltsan: Mutrikuko Pikua Jatetxeko sukaldariak prestatzen du pintxo goxo hau.
- Berdel Tricolore. Bere tradizio italiarrari jarraituaz, Mutrikuko Azkenetxe Ristorantetik, italiar eratako errezeta.
- Berdel Errea: urtero bezala, portuan bertan erreko da berdela, bero-bero dastatu ahal izateko momentuan.
- Berdel marmitakoa: Hogar del marinero, Ziñua eta Etxekalte elkarteek marmitako goxoa prestatuko dute.
- Berdel Txaka: Kai Gain elkartetik berdel txaka prestatuko dute urtero bezala. Tostada gainean zerbitzatuko da pintxoa.
- Berdel piperrada: Mari Jose Arrieta eta Feli Solaluzek , Narrupe elkartetik berdel piperrada ederra emango digute dastatzeko.
- Berdel pudding-a: Zumalabe Hotelaren jabe den Valentin Zumalabek, Berdel Pudding-a prestatuko du.
- Berdel ketua: Eibarren ezarrita dagoen Tore Birberg suediarrak, urteetako lotura du Mutrikuko Herriarekin. Lehenengoz hartuko du parte Berdel Egunean eta bere herrialdean hain ezaguna den errezeta hau prestatuko du: berdel ketuak.
Ondoren, 20:00tan ENKORE taldearen kontzertua hasiko da portuan, bere erritmoarekin denak dantzan jartzeko. Enkore taldeak 10 urte beteko ditu oholtza gainean, eta aurten eszenatokiak utziko dituzte. Agur esateko, 2019an egingo duten biraren barruan sartzen da Mutrikuko Berdel Eguneko kontzertua.
Ikusten duzuenez, egitaraua aberasgarria eta zabala da, berdela dastatzeaz gain beste hainbat ekintza ere antolatuta daudelako Mutrikuko herrian egun horretaz gozatzeko.