Arrandegi eta harategietarako ontzi berrerabilgarriak jasotzeko beste aukera bat egongo da etzi

2013/11/05
Zapatuan, Beheko plazan egindako banaketan 761 ontzi banatu ziutzten; egueneko banaketa, 17:00etatik 19:00etara, Goiko plazan izango da.

Saltokitik etxera, usain eta hondakinik gabe! Hori da, hain zuzen ere, Udalak eta Ekoguneak, Zero Zabor taldearen laguntzarekin, martxan duten kanpaina laburbiltzen duen leloa. Lortu nahi dena zera da, herritarrek arraindegi eta harategietan doan banatutako ontzi berrerabilgarriak erabiltzea, eta horrela, sortzen diren hondakinak murriztea, herritarrari erosoa egiten zaion modua eskainita.

Zapatuan hasi ziren ontzien banaketarekin eta 761 ontzi banatu ziutzten. "Pozik egotekoa zenbakia da. Eguenean bigarren banaketa egingo dugu eta kopuru horrek gora egitea espero dugu", adierazi dute Udaletik. Eguenean, hilak 7, banaketa 17:00etatik 19:00etara, Goiko plazan izango da.

Ontziak doan banatzen dira (etxebizitza bakoitzeko bana), eta material birziklagarriekin eta tinte ekologikoekin eginak daude. Gainera, hozkailuan zein labean erabiltzeko pentsatuta daude.

Gainera, ontziak erabiltzen dituztenek onurak ere jasoko dituzte. Izan ere, arraindegietan eta harategietan ontzia erabiltzeagatik zozketa-txartelak eskuratuko dituzte herritarrek. "Denda bakoitzak, kanpainak dirauen sei hilabeteetan, hilero zozketa bana egingo dute. Saria eurek erabakitako 30 euroko balio duten produktuak izango dira", azaldu dute. Mutrikun herriko arraindegi eta harategi guztiek bat egin dute kanpainarekin.