Arrietakua Jauregiak bere ateak zabalduko ditu egunotan.
Otsailak 27an, Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, hitzarmen bat sinatu zuten Enrique Areilza Churruca, Mutrikuko Kondearekin, bisita gidatu turistiko eta hezigarriak eginez jauregia publikoari irekitzeko helburuarekin. Orain, Gipuzkoako itsas ondarearen harribitxi honetara egingo diren lehen bisitak programatu dira.
Mutriku, 2018ko ekainak 4
Pasa den otsailak 27an, Jose Angel Lizardik, Mutrikuko Alkateak, Denis Itxasok Kultura Diputatuak eta Enrique Areilza, Mutrikuko Kondeak, Arrietakua Jauregian bisita gidatu turistiko eta hezigarriak eginez publikoari irekitzeko hitzarmena sinatu zuten.
Hitzarmena sinatu ondoren, Mutrikuko Udalak egokitze lan txiki batzuk egin ditu jauregian eta bere lorategian, bisitak era egokian artatu ahal izateko.
Arrietakua, XVIII. mende hasieran eraiki zen eta Mutrikuko Konde Kaleko 9. zenbakian dago kokatuta. Interes kulturaleko ondare izendatuta dago, Kultura Ministerioaren aginduz, 1964eko urtarrilaren 17tik eta Gipuzkoan gordetzen den ondare baliabide garrantzitsua da. Jauregi hau, Mutrikuko Hirigune Historikoaren parte da, 1995etik monumentu multzo izendatua, eta Euskal Kostaldean hobekien gordetzen den hiriguneetako bat da, izan ere, oraindik XV, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako jauregi eta etxe bikainak ikus ditzakegu.
Arrietakua Jauregia
Jauregi hau bere interes arkitektonikoagatik eta bere horma tartean gordetzen dituen historiarengatik bereizten da. Jauregia bizi izan duten pertsonen historia bikaina da: marinel eta itsas gizon handiak, zientzialariak, Armadako ofizialak, ingeniariak eta Estatu gizonak. Jauregiak familia hauek nola bizi ziren erakusten digu, fideltasun handiarekin, izan ere, aldaketa handirik gabe iritsi baita gure garaira, historian zehar izan dituen jabe ezberdinen kontserbazio grinari esker.
Antonio de Gaztañeta Almirantea izan zen (1656-1728) jauregia eraiki zuena XVIII. mende hasieran, Arrietatarrena izandako dorretxearen aztarnen gainean. Hortik datorkio bere izena jauregiari, “Arrietakua”, Arrietatarren etxea alegia. Egungo eraikuntza barroko estilokoa da, frente monumental handiarekin, lehen bi solairuetan harlandua eta hargin-lana azken bi solairuetan. Dekorazio elementuak gutxi dira: armarria, balkoietako burdin lana eta teilatu hegal zabala.
Armarri barrokoak Antonio de Gaztañetari egiten dio erreferentzia. Ba du berezitasunik: bi zatitan erdibiturik azaltzen da eta Antonio de Gaztañetaren lau abizenei egiten die erreferentzia. Gainera, XVIII. Mendeko ezaugarri bereizgarri bezala, leinuaren armak, Gaztañetaren lanbidearen elementu ikonografikoak azaltzen dira, itsas- gizon bezala, arkitekto nabala eta arma gizon izaera adieraziz. Aingura, barkua eta kanoien inguruan, tresna nautiko ezberdinak agertzen dira: Astrolabioa, sextantea, zunda e.a.
Asko dira, etxe hau bizi izan duten pertsonai bikainak, bisita gidatuetan ikusi ahal izango den bezala, tartean, bereizgarriena Kosme Damian Txurruka (1761-1805) itsas- gizon handia delarik. Zientzialari handia izan zen, bere ekarpen bikainenak kartografian eta astronomian egin zituelarik; Trafalgargo gudako heroia ere izan zen.
Bisita honetan, bertan bizi izan diren emakumeei ere aipamen berezi bat egingo zaie, izan ere, etxearen mantenua eta familiaren ondarearen transmisioan ezinbestekoak izan baitira.
Bisitaren ezaugarriak
Bisitak Mutrikuko turismo bulegoan hasiko dira, Txurruka Plaza, z.g., eta ondoren Areilza Txurruka familiaren etxea den jauregian ikusgai egongo diren guneetara joango gara.
Bisitari kopurua mugatua izango da; gehienez 15 pertsona egongo dira bisita bakoitzean eta Udalak izendatutako teknikoek burutuko dituzte.
Bisitaren prezioa 10€koa izango da, 12 urtetik gorakoentzat. 4-12 urte bitartekoentzat 5€ eta Mutrikuko Ikastetxe eta 4 urte baina txikiagokoentzat doakoa izango da.
Sarreren salmenta, Mutrikuko Turismo Bulegoa edo Euskal Kostaldeko Geoparkearen bidez egingo da. On-line, www.geoparkea.com web gunearen bidez eta zuzeneko salmenta, Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan. Sarreren salmentatik jasotako etekinak, jauregiaren gastuak eta bisita gidatuen kostua murrizteko erabiliko dira.
Egutegia eta bisiten ordutegia
Publiko orokorrari ateak ireki aurretik, ekaineko bigarren hamabostaldian barrena, inauguraziorako bisita ezberdinak egingo dira, lurraldeko instituzioekin, turismo teknikariekin eta museo ezberdinetako agenteekin. Horrez gain, mutrikuarrentzako doako bisitak egingo dira ordutegi ezberdinetan.
Lehen bisitak
Inaugurazioko lehen bisita ekainak 14an egingo da, 12:00etan. Bisita honetarako Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Basquetourreko karguak gonbidatuko dira, baita Euskal Kostaldeko Geoparkeko alkate zein eskualdeko ordezkari batzuk ere.
Jarraian, ekainak 19an, bi bisita egingo dira, 9:30tan eta 11:30tan, batez ere turismo sektorean Euskadin lan egiten duten teknikoei eta Gipuzkoa eta Euskal Kostaldeko museoei zuzenduak.
Herritarrentzat bisitak
Lehen hiru bisita hauen ondoren, ekaineko bigarren hamabostaldian zehar, doako hainbat bisita gidatu egingo dira herritarrei zuzenduak. Horretarako beharrezkoa izango da aurrez Mutrikuko Turismo Bulegoan izena ematea (txurruka plaza z.g. 943 60 33 78/ turismo@mutriku.net).
Hauek dira Mutrikuarrentzako eskainiko diren bisituen data eta orduak:
- Ekainak 17, igandea: 12.00 eta 17.30tan
- Ekainak 21, osteguna: 9.30 eta 12.00tan
- Ekainak 22, ostirala: 9.30, 12.00 (gazteleraz) eta 18.00retan
- Ekainak 26, asteartea: 9.30 eta 12.00tan
- Ekainak 27, asteazkena: 9.30 eta 12.00tan
- Ekainak 28, osteguna: 9.30 eta12.00tan
- Ekainak 29, ostirala: 9.30 eta 12.00tan (gazteleraz)
Publiko orokorrarentzako bisitak
Uztailetik aurrera, publiko orokorrarentzako bisitak hasiko dira, egutegi zabal batekin. Datak, ordutegia eta erreserbak, www.geoparkea.eus web gunean ikus daitezke.