Astelehenetik aurrera, Fondaberrin egunero 90 minutuz doan aparkatzeko balio duen txartela eska dezakete herritarrek
Astelehenetik aurrera, Fondaberri aparkalekuan ibilgailua uzteko aukera berri bat edukiko dute herritarrek: egunero, 90 minutuz Fondaberri doan erabiltzeko aukera emango dien txartela. “Udalaren asmoa herrigunean oinezkoei lehentasuna ematea da. Horretarako, debekuez gain, irtenbideak eman behar direla uste dugu, eta horri erantzutera dator txartel berria”, adierazi du gobernazioburu Joxan Agirregomezkortak. “Herrigunearen beheko aldean komentuan aparkalekuak gehitu genituen; goiko aldean, berriz, ibilgailua tarte batez uzteko aukera berri bat sortu dugu”.
Fondaberrin, egunero, ordu eta erdi doan ibilgailua uzteko gaitasuna emango dute aipatutako txartelek. “Hortik aurrerako denbora gainontzeko erabiltzaileentzako tarifaren arabera kobratuko zaie”. Txartel berriak, gainontzeko guztiek bezalaxe, ez dio erabiltzaileari aparkalekua ziurtatuko; orain arte bezala txandakako sistemaren bidez funtzionatuko da.
Txartelak udaltzainek egingo dituzte. Udaltzainengana jo orduko, ordea, udaletxeko harreran jaso daitezkeen eskaera-orriak bete beharko dituzte herritarrek, eta bertan azaltzen den Kutxako kontu korrontean 10 euro ordaindu beharko dituzte.
Eskaera orrian jasotzen denaren arabera, herritarrek bi baldintza nagusi bete beharko dituzte: Mutrikun erroldatuta egotea eta Udalarekin 2012ra arteko betebehar fiskal guztiak egunean edukitzea. Mutrikun etxebizitza duten udatiarrek ere izango dute aukera txartela eskuratzeko. Azken horiek bete beharreko baldintzako honakoa da: Ondasun Higiezinen Gaineko zerga egunean edukitzea. “Behin ordainketa egindakoan, eta eskaera-orria behar bezala beteta, udaltzainengana jotzea besterik ez dute egin beharko. Haiek baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatu ondoren, txartela emango diete, momentuan”.
Txartelek urtebeteko indarraldia izango dute, eta trasnferiezinak izango dira. Txartela galduz gero, erabiltzaileek lau euro ordaindu beharko dituzte berria eskuratu ahal izateko, eta udaltzainak arduratuko dira aurrekoari baja emateaz.