Atxukaleko murala zapatuan inauguratuko dute

2014/06/12
Arte eskolakoek prestatutako lana da, eta itsasoarekin lotura dauka; ekitaldia 13:00etan izango da.

Metro gutxiren barruan herriko bi alderdi esanguratsuenak batuko dira zapatuan. Izan ere, Beheko plaza baserritarrek hartuko dute azoka txikiarekin 09:00etatik aurrera, eta Atxukalean, berriz, itsasoarekin lotutako murala inauguratuko dute.

Murala egiteko eskolako 37 ikaslek parte hartu dute,eta haiek koordinatzen eta zuzentzen Jose Ignacio Treku Debako irakaslea ibili da. Muralak 5,5 metroko luzera dauka eta 3,2 metroko altuera.

Murala herriko Arte Eskolako kideek egin dute. "Udalak Arte Eskolakoen lana herriratzeko eskaera egin zien bertako kideei; taldean bertan bakarrik gelditu ez zedin", azaldu dute Kultura Batzordetik. Arte Eskolakoek urteko erakusketaz gain, herriko txokoei balioa ematea erabaki zuten, Udalarekin batera. "Atxukale izango da ukituko duten lehen gunea. Leku ederra izan arren, askotan ez dugu jakin behar bezala zaintzen. Itsasoari begira dagoen gune berezia izanda, horrekin lotu dute euren lana eta gunea txukun eta berezi mantentzen lagunduko duelakoan gaude".

Ekitaldian, besteak beste, Arte Eskolako kideak eta Joxemari Etxaburu kultur zinegotzia izango dira.