Aurten ere Trophee Teinken bisita jaso du Mutrikuk
2012/08/13
Aurten hogeigarrenez Bilbotik (Bizkaia) hasi eta Zokoaraino (Lapurdi) arraunean joan dira hainbat lagun. Hilaren 6an hasi zuten zeharkaldia eta hilaren 8an porturatu ziren Mutrikun.
Arraunlariak 18:30ak aldera heldu ziren portura. Txapligu soinuak jakinarazi zien herritarrei zeharkaldian parte hartu zuten 21 ontziak babes dike berriaren inguruan zeudela.
Behin Moila Berri eta Moila Zahar artera heldutakoan, adarraren soinuak eman zien ongietorria.
Arraunlari guztiak udaletxean hartu zituen Joseba Palenzuela alkateak. Dantzari eta txistularien agurrak ireki zuen harrera ekitaldia eta alkatearen hitzekin eta oparien elkartrukearekin bukatuko zen.
Arraunlariak gaua pasa zuten herrian, eta hurrengo goizean, 11:00ak aldera itsasoratu ziren.