Autobus-zerbitzua hobetzeko herritarrek egindako proposamenak ezagutzera eman eta iritzia jasoko da herriz herriko bileretan

2014/04/07
Herritarrek egindako 3.000 proposamenetatik % 75 onartu ditu Aldundiak; Mutrikuko bigarren bilera, bihar, hilak 8, 18:30ean, Zabielen izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eskualdetan autobusen garraio-zerbitzua berria jarri behar zuen (emakidak iraungita daudelako), eta hori aprobetxatu du ohiko eran egin beharrean herritarren parte-hartzearekin egiteko. Horregatik, 2013ko urrian zerbitzua berritzeko prozesua martxan jarri zuen, eta orain prozesu horretako bigarren faseko parte hartzeko prozesua hastera doa, inoiz Gipuzkoan egin den parte hartzeko prozesu zabalenetako batean.

Bigarren faseko bilera, Mutrikun bihar, hilak 9, 18:30ean, Zabielen egingo da.

Lehen fasea 2013ko urria eta azaroan zehar egin zen. Fase horretan Gipuzkoako 56 herritako 3.000 lagunek baino gehiagok egin zituzten ekarpenak autobus-zerbitzua hobetzeko, tartean mutrikuarrak ere izan ziren. Ekarpen horiekin idazketa teknikoa egin da, eta autobus-zerbitzu berriaren proposamena landu da. Egindako ekarpenen % 75 inguru onartu dira.

Orain hasiko den fasean Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei, zein aldaketa izan diren azalduko zaie, baita lehen faseko zein ekarpen onartu diren ere, zeintzuk ez diren onartu, zergatiak eta abar. Horrez gain, herritarrei, zein Udalari, aukera emango zaie berriro iritzia emateko eta aurreproiektuen inguruan nahi dituzten ekarpenak egiteko.

 Lehenengo fasean ekarpena egin zuten guztiei proposamena helaraziko zaie eta ekarpenak egiteko aukera eman. Ondoren, talde teknikoarekin fase honetan jasotako ekarpenak edo alegazioak kontrastatuko dira. Ekarpenak apirilaren 15a bitarte egin ahal izango dira, herri guztietan antolatutako bileretan, www.garraioahobetzen.net webgunean, edo etxeetara zabaldu den esku-orriaren bidez. Jasotako ekarpen guztiekin behin betiko proposamena landuko da. Urrian, eskualdeko bileretan aurkeztuko da behin betiko proposamen hori, eta lehiaketara atera ondoren, 2015eko urtarrilean zerbitzu berriak martxan egotea aurreikusi da.

DEBABARRENEKO HOBEKUNTZAK
Debabarrenako zerbitzuei dagokienez, hobekuntza nagusiak honakoak dira landutako proposamenean: Mendaroko ospitalera zerbitzu gehiago jartzea; linea nagusien ordutegia apur bat zabaltzea, batez ere iluntze partean; beste eskualde batzuetarako loturak areagotzea, batez ere, Debagoienera eta Urola Kostara; Bilborako lotura autopistatik

Era berean, hainbat eskari onartuak izan arren, ez dira aurreproiektuan azalduko, aurreproiektuaren eremua gainditzen dutelako. Esaterako, autobus-zerbitzuari buruzko informazioa hobetzea izan da eskaera nagusietako bat, eta horretarako Aldundia jada lanean ari da webgune berria egiteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko, ordutegiak linea guztietan modu ulergarrian eta bateratuan emateko eta abar.







Aldez aurretik, mila esker horren guztiaren berri emateagatik.