Azaleko melanina probak egin dira, hilaren 26an eta 27an, hondartzan
Kanpainaren helburua eguzkitik babesteko jarrera egokiak bultzatzea da. Horretarako, herritarrek azaleko melanina neurtzeko probak egiteko aukera eduki dute. Probak doan izan dira, eta hondartza inguruan jarritako gune baten egin dira. “Azaleko minbizia, tamalez, gero eta gehiago entzuten den gaitza da. Eguzkia hartzerakoan, arduratsuak izatea komeni da, eta ze babes erabili jakitea oinarrizkoa da. Azaleko melanina neurketek babes hori zenbatekoa izan behar den jakiteko balio dute”, dio Ongizate Batzordeko buru Arrate Urangak.
Proba momentuan egiten zen. Makina batekin besaurrea ukituta, azalaren melanina kopurua neurtzen dute, eta azalaren ezaugarriak eta erabiliko beharreko babesa zein den jakiten da berehala. “Ekimenaren helburua herritarren artean informazioa zabaltzea zen, eta bide batez, elkarteek egiten duten lanaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea”, nabarmendu du Urangak.
Mutrikuko Udalak, Ongizate Batzordearen bidez, minbiziari lotuta egiten duen bigarren ekimena izan da datorren astekoa. “Aurrez tabakoaren aurkako kanpainan ere parte hartu genuen. Aurrera begira, odol-emaileekin, zaharren egoitzan lan egiten duten bolodresekin… ariko gara elkarlanean; alde batetik, egiten duten lana agertarazteko, eta beste alde batetik, egiten dutenaren inguruko informazioa zabaltzeko”.