Azaroaren 15era arte zabalik dago Mutrikulan diru laguntza eskatzeko epea

2014/11/05
Enpresa ideiak aurrera eramaten laguntzea eta, batez ere, herrian enplegua sortzea dira diru laguntzaren helburuak

Mutrikuko Udal Garapen Batzordeak sustatutako Mutrikulan diru laguntza eskatzeko azken eguna azaroaren 15a izango da. Laguntza horren helburu nagusiak honako hauek dira: enpresa berriak sortzen laguntzea eta, bereziki, lanpostuen sorrera sustatzea

Mutrikulan laguntzaren bidez, alde batetik, enpresak herrian  ezartzeko erraztasunak ematen dira. Horrela, enpresa berria sortzeagatik udal zergetan hobariak jasoko dituzte ekintzaileek (Hondasun Higiezinen gaineko Zerga, lizentziak...). 

Beste alde batetik, enpleguaren sustapena bultzatu nahi da. Horretarako, sortzen den lanpostu bakoitzeko 600 euroko oinarria jasoko dute enpresek. “Merkaturako sarrera zailagoa duten kolektiboei lehentasuna ematea lortu nahi dugu. Hori dela eta, kolektibo horietan dauden pertsonen kontratazioak hobariak dauzka”, azaldu dute Garapen Batzordetik. Horrela, kontratatutako pertsona  emakumea, 30 urtetik beherako gaztea, 45 urtetik gorakoa edo denbora luzez langabezian dagoena balitz, laguntza %10 gehiagokoa litzateke kontratazio bakoitzeko. 

Horrez gain, lehen sektoreko enpresetan egindako kontratazioek ere diru laguntza kopuru handiagoak jasoko dituzte;  zehatz esateko,  kontratazio bakoitzeko %15 gehiago jasoko lukete. “Neurri horrek  langileen parte hartzearen alde egiten duten enpresei ere eragingo die, esaterako, kooperatibei", gaineratu dute.

Diru laguntzaren inguruko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, interesatuek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (urriak 16) argitaratutako oinarrietara jo dezakete edota turismo bulegoan galdetu. “Eskaera- orria ere turismo bulegoan dago, edota udaletxeko webgunetik jaitsi daiteke”.