Azaroaren 29eta 30ean elikagaien bilketa egingo da Mutrikun

2013/11/21
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa masiboa antolatu du probintziako 30 herritan; Mutrikukoa DIA supermerkatuan egingo da.

Azaroaren azkeneko bi egunetan oinarrizko beharra dutenei laguntzeko aukera edukiko dute herritarrek. Izan ere, Mutrikuko taldea 29 eta 30ean janaria biltzen egongo da, eta bildutakoa behar dutenei bideratuko diete.

Mutriku ez da ekimen horretan parte hartuko duen herri bakarra. Izan ere, elikagai bilketa masiboa koordinatzen ari dena Gipuzkoako Elikagaien Bankua da, eta probintziako 30 herritan egingo da. 

Mutrikukoa DIA supermerkatuan egingo da. Herriko boluntario taldea bertan izango da, barikuan (29) eta zapatuan (30), 09:00etatik 22:00etara. Oinarrizko elikagaiak dira, batez ere, jaso nahi dituztenak: hala nola, garbantzuak, babarrunak, lenmtejak, arroza, pasa, lioa, azukrea, kontserban dauden jakiak, esnea, umeentzako janaria eta galletak. “Tamalez, beharra gero eta handiagoa da”, aitatu dute herriko taldekoek. 

Mutrikuko taldeak herriko 40 familiari laguntzen die Gipuzkoako Elikagai Bankuaren bitartez. “Janaria Bergaran batzen da eta handik herri guztietarako banaketa egiten da”, azaldu dute herriko taldekideek. “Merkatugune handiekin dituzte hitzarmenak janaria eskuratzeko, baina Mutrikun, laguntza ematen duten bi enpresa ere badira: Ortiz eta Ondare”.

BOLUNTARIO BEHARRA
Bi egunetako ordutegia osorik betetzeko herriko taldeak boluntarioen beharra dauka. Taldeak sortu eta talde bakoitzak hiru ordu inguruko txandak egitea lortu nahi dute.

Taldeentzako ordu tarteak honako hauek liratezke: 09:00-12:00, 12:00-15:00, 15:00-18:00 eta 18:00-22:00. “Esku bat botatzeko tartetxo bat hartzea eskatzen diogu jendeari”, aitatu dute herriko taldekideek.

Boluntarioak txaleko batekin identifikatu ahal izango dira, eta erosketak egitera sartzen direnei poltsatxo bat emango diete kanpora bidean zerbait laga nahi izanez gero, erabiltzeko.

Izena eman nahi dutenek bi bide dituzte: udaletxera deitu eta izena eman (943-60 32 44) edota ro.arriaga@hotmail.com.