Azoka Txikiak izugarrizko arrakasta izan du
Joan den zapatuan egin zen azken Azoka Txikia. Debemenek eta udalak elkarlanean antolatzen dute ekimena. Azoka Txikien helburua, herritarrek herriko ekoizleen garaiko produktuak eskura edukitzea da.
Oraingoan, ordea, kontzeptu berri bat gehitu zioten azokari: ekoizleekin batera, produktu horiekin egin daitekeenari buruzko ideiak eman zituen Gorka Urrestik sukaldariak. "Emaitza ezinhobea izan zen. Garaian garaiko produktuak eta gastronomia uztartzeaz gain, gure baserrietan ekoizten diren produktuen kalitatea ezinhobea dela ikusi ahal izan zuten, eta jatordu bikainak prestatu daitezkeela beraiekin", adierazi dute Debemenetik. Baserritarrek ekarritako produktu guztiak saldu zituzten.
Urrestik garaiko produktuak erabilita entsalada eta arroza barazkiekin prestatu zituen. Errezeta bakoitzarekin egindako 100 platertxo banatu zituzten, eta guztiak orduerdian bukatu ziren. "Kontsumitzaile ugari hurbildu ziren, gainera, Gorkarena, eta nola eta zer egin dezaketen galdetzeko aprobetxatu zuten", gaineratu dute.
Hurrengo Azoka Txikia Malenetan izango da; zehazki, uztailaren 21ean. 09:00etan hasiko da ohi bezala, baina lekuz aldatuko dute. Oraingoan, Goiko plazan izango da.