B+I-ren aldeko bozkarekin, Jose Angel Lizardi izango da Mutrikuko alkate datzoen lau urteetan

2015/06/13

Hamahiru zinegotzik osatzen dute Mutrikuko Udalbatza. Eta Jose Angel Lizardi EAJ-ren alkategaiak hamabi bozketatik zazpi eskuratu ditu; B+I (Berdeak eta Independenteak) taldeak EAJren alde egin du. Jon Naberan EH Bilduren alkategaiak sei boto jaso ditu.

Iñigo Agirre B+I taldeko ordezkariak azaldu duenez, “aldaketaren alde” egin dute. Dena dela, alkate izendatzeko botoa ez dela izan datozen lau urteetan gehiengoz agintzeko botoa izan azaldu du Agirrek. “Herritarrek hauteskundeetan argi utzi dute alderdi politiko guztien akordioa dela eskatzen dutena”. Halaber, herrian botoak gehitu dituen alderdiaren alde egin dutela gaineratu du. “B+I taldeko kideontzat ez da erabaki erraza izan; azken bi asteak oso txarrak izan dira guretzat”.

12:00ak puntuan hasi da alkatea izendatzeko ekitaldia Mutrikun. Udaletxeko areto nagusia herritarrez bete-beta zegoela, udalbatza eratzeko prozesua hasi da. EH Bilduren zerrendakide Markel Arizmendi eta Amaia Arrizabala (zaharrena eta nagusiena) izan dira lehenak eserlekuan jartzen. Jarraian, idazkariak izenak esanaz batera, EAJren, EH Bilduren eta B+I taldearen ordezkariak jarri dira, hurrenez hurren.

Guztiek zin egin ondoren, bozketa egin dute. Lizardi alkate izango zela erabaki denean, alkatearen aulikan jarri eta hitz batzuk eskaini ditu. Diskurtsoan, gainerako alderdiekin adostasunak bilatzeko asmoa dutela azaldu du. “Herritarrek ere hori da eskatu dutena”.

Lizardik B+I taldeko kideei ere eskerrak eman nahi izan dizkie, euren alde egiteagatik. Iñigo Agirrek, aldiz, legealdia ahalik eta emankorrena izatearen alde egingo dutela esan dute. “Zin egiten dugu hori, gure herri maitearen probetxurako”.

Joseba Palenzuela orain arte alkate izan denak eman dio aginte makila Lizardiri, herritarrek txalo egiten zuten bitartean.

ITURRIA: Mutrikuko Hitza