Bainurako irekita dago hondartza berriro ere
Gasolio isurketa dela medio, astelehenetik itxita egon da Mutrikuko hondartza. Uraren kalitatearen bilakaera Gurutze Gorriaren ardurapean egon da ordutik, eta atzo arratsaldean, Osasun Saileko eta udaleko ordezkariekin hitz egin ondoren, hondartza bainurako irekitzea erabaki zuten.
Gertaeraren egunetik udal ordezkarien kezka izan da gertatua argitzea eta berriro horrelakorik ez gertatzeko bidea ezartzea. Osasun Sailarekin ez ezik, aldundiarekin ere harremanetan egon dira harrezkero. "Horrelako kasuetarako dagoen protokoloa martxan jartzeko, Ertzaintzara jo behar dela jakinarazi digute, eta bertan eman gertatuaren berri", azaldu dute udal ordezkariek. Gaur goizean hala egin dute, eta Joseba Palenzuela alkatea bera izan da ertzain-etxera joan eta dagokion kexa jartzeaz gain, neurriak hartzeko eskaera egin duena.