Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketen sariak banatu ditu Mutrikuko Udalak

2019/07/26
Eskualde mailako ekimena izan da eta helburua, herritarren parte-hartzearen bidez, eskualdeko herrien ingurumen kalitatea eta irudia hobetzea zen. Herri mailan eman diren bi sariez gain, eskualde mailako saria ere Mutrikuko balkoi batek irabazi du.

Lehenengo aldiz, Mutrikuko Udalak balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin.

Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratu ditu eskualdeko herri ezberdinetan izen eman duten balkoi eta leiho parte-hartzaileak. Mutrikun 14 pertsonek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko.
Epaimahaiaren balorazio irizpideak honako hauek izan dira besteak- beste: konposizioaren originaltasuna eta sormena, apainketaren kalitatea, apainketaren harmonia eta diseinua, eta konplexutasuna.

Lehiaketa maiatzean jarri zen martxan eta, deialdiarekin batera, lore banaketak egin zen Txurruka plazan, herritarren artean loreak banatzeko. Guztira, 150 lore banatu ziren.

Sariei dagokienean, herri mailako bi sariez gain, eskualdeko saria ere Mutrikuko balkoi batek irabazi du, eta Udalak, lehiaketa irabazi duten herritarrak zoriondu nahi ditu. Saria Joseba Palenzuela Mutrikuko Alkatearen eskuetatik jaso dute, aste honetan udaletxeko pleno aretoan egin den ekitaldi txiki batean.

Honela banatu dira sariak:
- Eskualdeko saria, 250€ko erosketa txartelarekin saritua, Maria Luisa Larrinagak jaso du.
- Herri Mailako lehen saria, 200€ko erosketa txartelarekin saritua, Mari Regina Lekubek irabazi du.
- Herri mailako bigarren saria, 150€ko erosketa txartelarekin saritua, Xabier Andonegik eraman du.

Lehiaketaren helburua, herritarren parte-hartzearen bidez, gure herrien ingurumen kalitatea eta irudia hobetzea da, landareei eta loreei garrantzia emanez. Horregatik, Mutrikuko Udalak parte hartu duten herritar guztien lana eskertu nahi du eta hurrengo edizioetan ere parte hartzeko gonbidapena luzatzen du.