Barikuan amaituko da Musika Eskolan izena emateko epea

2013/09/12
200 ikasletik gora izango dira aste amaitu orduko musika eskola joan nahi dutenak; lau urtetik aurrerako herritar guztientzako eskaintza daukate.

Astelehenean, musika tresnen ordutegia banatu ondoren, 200 ikasletik gora bildu ziren Mutrikuko Musika Eskolara, naiz eta oraindik izena emateko epea zabalik izan. Gogoratu barikuan, hilak 13, amaituko dela epe hori eta orduan jakingo dela zehatz-mehatz ikasleen banaketa osoa.

Edukien artean, 4 urtetik 7 urte artekoei musika eta mugimendua eskaintzen diete; 8 urtetik aurrerakoei, musika tresna, talde instrumentalak, korala eta abesbatza eta musika mintzaira eskaintzen diete; 12 urtetik aurrerakoei berriz, musika tresna, talde instrumentalak, abesbatza, musika mintzaira, kultura musikala eta informatika musikala; eta azkenik helduei, musika tresna, musika mintzaira, euskal musika, kultura musikala eta informatika musikala eskaintzen zaie.

Gogoratu behar da, matrikula epe honetan, plazak dituen ikasgaietan bakarrik matrikulatu ahal izango direla ikasleak. Musika Eskolako ordutegia berriz honakoa da; astelehen eta eguenean, goizeko 10:30etik 12:30era izango da zabalik eta arratsaldez egunero, eguenetan izan ezik, 17:00etatik 19:00etara. Matrikula egiteko edo eta informazioa jasotzeko, ordutegi horretan joan behar da Eguneta etxera, edo eta bestela 943-60 37 80 telefonora deitu. 

ITURRIA: Diario