Barikuan bukatzen da euskategian izena emateko epea

2013/09/25
Debabe euskaltegien aurtengo kanpainaren leloa 'Emaiozu euskarari' da; euskarari lotutako behar mota askori erantzuteko, ikastaro mota ugari eskaintzen dituzte.

DEBABE, Elgoibar, Deba eta Mutrikuko Udal Euskaltegien Mankomunitateak 2013-2014 ikasturterako gertu dago. Besteak beste, euskaraz ikasi nahi duten ikasleek edo euskarazko ziurtagiri ofizialen bat eskuratzeko prestatu barikua orduko eman beharko dute izena.

Udal Euskaltegion aurtengo kanpainaren leloa honakoa da: Emaiozu euskarari. "Txarteletan intro tekla handi bat agertzen da euskara hitza duela. Leloak ekintzaren, sakatzearen zentzua du, batetik, eta, bestetik, euskara ikastera eta euskararen munduan murgiltzera animatu nahi ditu herritarrak", azaldu dute.

Urtero bezala, eskolak Luardo etxean izango dira. Maila guztiak emango dira: 1, 2, 3 eta 4. Horrez gain, ikastaro bereziak ere eskainiko dira: AISA ikastaroa, etorkinentzat; merkatari eta ostalarientzako ikastaroak; gurasoentzako ikastaroak... Klaseak, berriz, goizean, arratsaldean eta gauean izango dira. Horrez gain, autoikaskuntza ere eskainiko da, BOGA programaren bidez. 

Ikastaroak HABEk diruz lagundutakoak dira, eta prezio bereziak daude langabetu, guraso, ikasle eta jubilatuentzat. Jaurlaritzak ere diru laguntzak berrezarri ditu.

Mutrikuko euskaltegiak, ikasgelez gain, ordenagailu-gela, material didaktiko ugari eta liburutegia ere baditu ikasleen eskura.Gainera, eskolez aparte, euskaltegian hainbat ekintza antolatzen dira ikasleek euskara erabiltzeko: lehiaketak, kultur ekitaldiak, afariak, irteerak...

Azpimarratzekoa da, gainera, euskaltegietako azterketen bidez, 1., 2., 3. eta 4. mailako agiri ofizialak lor daitezkeela. Agiri horiek Hezkuntza, Osakidetza eta IVAPeko perfilen eta EGAren baliokideak dira.

Informazio eta matrikularako jo euskaltegira, barikua orduko.

Ordutegia: 10:00 -12:00 /17:00-19:00.

Telefonoa: 943 603094

E-posta: eusk.mutriku@udal.gipuzkoa.net.