Beheko plazako peatonaliazioari eta merkatu plazaren erabilerari buruz hitz egin nahi du Udalak herritarrekin

2014/11/07
Herritarrentzat gai bakoitza lantzeko bilera bana antolatu dute; peatonalizazioaren inguruan merkatari eta tabernariekin ere batuko dira.

Bi gairen lanketa dauka eskuartean Udalak: Beheko plazaren peatonalizazioa eta Merkatu plaza herritarren erabilerarako zabaltzea. Erabakiak hartu aurretik, Udalak herritarrekin bildu nahi du eta haien iritziak eta ekarpenak jaso.

Gai bakoitza lantzeko herritarrentzako bilera bana antolatu du Udalak. Horrela, merkatu plazaren erabilerari buruzkoa, azaroaren 10ean, 18:00etan, udaletxean,  izango da.  Beheko plazaren peatonalizazioari buruzkoa, berriz, azaroaren 17an, 18:00etan, udaletxean. Azken gai hori lantzeko tabernari eta merkatarientzako bilera berezia ere antolatu dute. “Gai horrek zuzenean eragiten die herriaren beheko aldean lan egiten dutenei eta eurekin ikuspuntua jasotzea garrantzitsua delakoan gaude”, nabarmendu du gobernazioburu Joxean Agirregomezkortak. Bilera hori, azaroaren 11n, 15:00etan, udaletxean, izango da.

Udalaren asmoa lantzen ari diren proposamenak herritarrekin partekatzea da. Bi kasuetan egin nahi dena herritarren eskaeretatik abiatuta dago, baina gauzatu aurretik zenbait gauza adostu beharra ikusten du Udalak.  

Merkatu plazaren erabileraren inguruan, erabilera-arauak dira herritarrekin adostu nahi dena. “Eguraldi txarra denean umeekin egoteko espazioa da herritarrek eskatu zutena. Herriko espazioak aztetu ondoren, merkatu plaza egokia izan daitekeela ikusi dugu”, azaldu du Agirregomezkortak. “Merkatu plaza berriki txukundu eta egokitutako gunea da, eta gainera, umeek jolaserako naturalki erabiltzen duten espazioa batetik oso hurbil dago; Beheko plazatik, hain zuzen ere”.  Hala ere, herritarrentzat erabilgarri ipini aurretik, zer eta nola egin daitekeen erabaki nahi dute herritarrekin batera.

Beheko plazaren peatonalizaziori dagokionez, asmoa honako hau da: postetxearen aurreko aldean  ibilgiailuen pasabidea galerazten duten zutoin batzuk jarri. “Pasabidea arratsaldetan eta asteburuetan egongo litzateke itxita”, zehaztu du Agirregomezkortak. “Baina eskuartean ditugun bi gaietan oinarrizko planteamendua da eginda duguna, herritarrekin hitz egin arte ez da azken erabakirik hartuko”, ziurtatu du.