Berdeguneen kudeaketarako plana jarri du martxan udalak

2012/07/19
Berdeguneen mantenua "noraezean egitea ekidin eta beharren edota eskaeren esku ez lagatzea" da helburua. Egutegia finkatu eta haren arabera, sistematikoki arituko dira brigadako kideak aurrerantzean.

Berdeguneak zainduta edukitzeko plana egituratu du udalak. Asmoa zehatza da: berdeguneen zainketa aleatorioa izan beharrean, lan programaren baitakoa izatea. Herriko berdeguneak izendatu dituzte. 40 berdegunez osatutako zerrenda prestatu dute.

Zerrenda horretan oinarrituta, berdeguneen zainketa egutegia antolatu dute. “Horrela sistematikoki egingo dugu lan eta orden baten barruan”, azaldu dute udal ordezkariek.

Gainera, berdegune zehatz batzuen zainketarako herriko lorazainekin akordio batetara heldu dira udal ordezkariak, eta haien esku egongo da, batez ere, lorategi izaera duten berdeguneak.