Berdel Aipamena 2018-herri bozketa
Mutrikuko Udala, hasi da dagoeneko 2018ko Berdel Egunaren inguruko gaiak lantzen eta aste honetan egin dira lehen bilerak antolaketa aurrera eramateko.
Urtero, Berdel Eguneko ospakizunei hasera emanaz, Berdel Aipamena eman ohi da, nolabait Mutrikuren onerako lan egin duten pertsona, elkarte e.a.-ei euren lana eskertzeko ideiarekin.
Aurten Berdel Aipamena martxoak 16an emango da, eta abenduan herritarrek hautagaiak proposatzeko aukera eduki bazuten, orain, herri-bozketa baten bidez erabakiko da zeini eman aipamena.
Guztira 16 pertsonek aurkeztu zuten hautagaitza eta denen artean 13 hautagai proposatu ziren. Hautagai horien artean, Garapen batzordeak, zortzi hautagaiko behin betiko zerrenda bat osatu du. Kontutan izan behar da, hautagaietako askok orain gutxi udaletik beste aipamen edo sariren bat jaso dutela eta udalak “ohorezko berdel laguntzaile” izendapena ere ematen duela Berdel Egunean laguntzaile izandakoen artean. Hautagai bezala agertutako beste batzuek berriz uko egin diote aipamena jasotzeari. Honela, azkenean zortzi izango dira bozketa herrikoian parte hartuko duten hautagaiak.
Berdel Aipamena oroigarri edo plaka bat izan ohi da. Plakak Mutrikuko irudi bat du grabatuta eta bertan Mutrikuko Berdel Egunaren baitan ematen den saria dela adierazten da.
Hautaketa prozesua
Pauso txiki honekin, Mutrikuko Udalak herritarren inplikazioa eta parte hartzea bultzatu nahi dute, Berdel Egunaren antolaketan parte hartzaile gehiago sustatu eta gainera parte-hartze ohiturak herrian bultzatzeko.
Herritarrek proposatutako hautagaien artean bozkatzeko epea otsailak 10etik otsailaren 20ra izango da eta www.mutriku.eus web gunearen bidez edo turismo bulegoan eta udaletxeko sarreran kokatutako kaxa batzuetan bozkatu ahal izango da.
Hautagaiak:
Zortzi hautagai horiek ondorengoak dira eta bertan ikusi ahal izango duzue era laburrean zergatik proposatu duten hautagaitza bakoitza. Hala ere, bozkatzeko jarriko diren guneetan, proposamena luzatu dutenek erabilitako argudio originala ikusi ahal izango da:
The basque Way enpresa
Arrazoia:
Azken urteetan Mutriku herria eta bere historia zabaltzen aritu da bertan antolatzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen bidez, Mutrikuk itsasoarekin duen lotura bereziki lantzen. Mutriku Euskal Herritik kanpoko bisitariei ezagutarazten egin duen eta egiten ari den lana handia da.
Antonio Oianguren “Okon”
Arrazoia:
Mutrikuko itsasontzi ezberdinen maketak egin ditu eta herriko itsas memoria mantentzen lagunduaz, Zabielen jarritako erakusketak erakutsi zuen bezala.
Andoni Larrea- Adats Ile-apaindegia
Arrazoia:
Bere ibilbidearengatik eta Mutrikurentzat ekarri duen onurarengatik, batez ere sortu duen lanpostu kopuruari lotua.
Goizeko Izarra ikastola
Arrazoia:
Goizeko Izarra Ikastolak 50 urte betetzen ditu 2018ko irailean, nahiz eta ospakizunak 2018-2019 ikasturtean zehar egin. Goizeko Izarra Ikastola hezkuntza, euskara eta kulturari loturiko eragile zuzena da Mutrikun. Orain dela 50 urte herriko guraso, herritar eta irakasle talde batek eginiko apustu gogorra saritzea nahi da.
Anaiarte, Kantuz Bizi eta Maddalen
Arrazoia:
Herrian Berdel Eguna ospatzen hasi zenetik, herritarrez ostutako abesbatzak, gogo eta ilusioz beterik , urtero girotu ditugu berdel eguneko goizak, aurrez, makina bat entsaio eginda. Hainbeste urtetan ilusio handiz egindako lan hau saritzea merezi dela uste da.
Txantxangorri aisialdi taldea
Arrazoia:
Badira 17 urte Txantxangorri aisialdi taldea sortu zela, haur eta gazteen premiei erantzuteko asmoz. Sortzaileak, ilusio eta gogoz beteriko mutrikuar gazte batzuk izan ziren, eta gaur egun 63 mutrikuarrek osatzen dute. Udaleku irekiak izatetik hasi , eta hilero ekintza batzuk egitera iritsi dira. Txantxangorriren helburuetako bat; hezkuntza ez formalaren bitartez, Mutriku eta bere ohiturak sustatzea eta barneratzea da.
Ondare enpresa
Arrazoia:
Bi emakume, ekintzaile. Bertako produktuak balioan jarri eta Mutriku kanpoan ezagutzera ere ematen dutenak bere produktuaren salmentaren bidez. Bertako hornitzaileak erabiltzea, jasangarritasun irizpideekin eta bereziki - bereziki, euskararen erabileran eredu direlako: etiketajeak, sare sozialetan eta oro har, dituzten euskarri guztietan.
Valentín Barronea
Arrazoia:
Urtetik urtera Olentzeroren figurari bizia ematen diolako herriko haurren ilusioa bizirik mantenduaz.
Datuak:
Berdel Aipamena 2018: Martxoak 16, ostirala.
Berdel Eguna 2018: Martxoak 24, larunbata
Hautagaiak bozkatzeko epea: Otsailak 10etik Otsailak 20ra.
Bozkatzeko lekua: www.mutriku.eus web gunearen bidez edo Mutrikuko Turismo Bulegoa eta Udaletxeko sarreran jarriko den kaxa batean.
Bozkatu:
- Presentziala: fitxa hau deskargatu, bertan X bat jarri zure gustoko hautagaiari eta Mutrikuko Turismo Bulegoan edo udaletxeko sarreran aurkituko duzun kutxan sartu
- On-line: Lotura honetan