Berdintasun Guneko autobusa Mutrikun izango da astelehenean [urriak 27]

2014/10/25

Genero-indarkeriaren biktimekin Ertzaintzak duen esku-hartzearen inguruan informazio zuzena eskuratzeko aukera egongo da astelehenean [urriak 27] 18:00etatik aurrera, Goiko plazan egongo den autobusean. Goizean ikastetxeetara joango da autobusa, eta herriko gazteek tailerren bidez landuko dute gaia.

Ertzaintzak eta Emakundek antolatutako ekimena da hau; XI. Berdintasunerako Gunearen baitan. Genero indarkeriaren biktimekin Ertzaintzak duen bitartekotza ezagutu ahalko da autobusak eskaintzen duen gunean. Etxeko eta genero indarkeriaren kasuetan Ertzaintzak egindako interbentzio moten berri ematen da, biktimen arreta, arriskuen balorazioa eta aplikatutako babes neurriekin batera.

Emakundek Berdintasunerako Gunea izeneko topaketa antolatzen du urtero, hainbat ekimenen topaleku izan dadin, erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko helburuarekin. Berdintasunerako Gunea 2004 urtetatik dago martxan, eta aurtengoa, hamaikagarren aldia izango da. “Ahalik eta leku eta pertsona gehienengana heltzea da helburu, aurreko urteetako formatuak berritu eta aldatuz”, aitatu dute antolatzaileek. Plaza mugatuak dira.