Beristain, Danok Bat, Mugerza eta Arrunategi izan dira kirol galan sarituak

2014/12/23

Mutrikuko Udalak kirolaren inguruko sariak banatu ditu joan den barikuan, Kirolaren II. Galan. Sariak lau izan ziren: herriko kirolari, talde eta kirol ibilbiderik onenak eta aipamen berezia.

Kirolari onena sarirako izendatuak: Asier Illarramendi futbolaria, Gotzon Arrieta eta Patxi Ituarte sokatiralariak eta Atharratze Beristain mendi lasterkaria. Azken hori izan zen saritua, eta Joseba Palenzuela alkatearen eskutik jaso zuen oriogarria. Beristainek, besteak beste, aurten Mont Blanc ultra trail proban, 119 kilometro eta 7.250 metroko desnibeleko proban, 28. postua lortu zuen.

Talde onenaren saria, berriz, honakoen artean erabaki zuten: Mutriku Futbol Taldea, Mutriku Arraun Taldea, Danok Bat eta Saskibaloi Taldea. Irabazlea, Danok Bat pelotazale elkartearentzat izan zen. Jose Angel Lizardi EAJko zinegotziak eman zien saria taldeko kideei. Gaur egun Danok Bateko eskolan 65 pilotari daude, eta datu bezala, 1966. urtean, Mutrikuk 122 puntista profesional izan zituela aitatu zuten.

Kirol ibilbide onena sarirako Antonio Txartxa, Pedro Basterretxea, Amaia Elosegi, Fausto Mugerza, Jose Agustin Elezgarari, Benito Romero eta Peio Arreitunandia zeuden izendatuak. Horien guztien artrean, aurtengo saria, Fausto Mugerza Iturritza baserriko aizkolariari eman zioten. Berdeak-Independenteak taldeko Alberto Lejardik eman zion saria. Mugerzak besteak beste, 1990. urtean bigarren mailako aizkolarien txapelketa lortu zuen.

Azkenik, Aipamen Berezia norentzat zen erabaki beharra zegoen. Izendatuen artean,  Ugaitz Mugerza, Jose Arrunategi eta Mikel Mariezkurrena zeuden. Azkenean, Jose Arrunategi herriko medikuak jaso zuen saria. Kirol zinegotzi eta sarituaren seme Iban Arrunategik eman zion saria. besteak beste Mutrikura iritsi zenetik kirolari guztiei eskaini dien laguntza eskertzeko.

Ekitaldia EITBko kazetari eta aurkezle Txemi Galarragak zuzendu zuen.

Sari banaketaren aurretik, prestaketa fisikoari buruzko mahai-ingurua egin zuten. Bertan parte hartu zuten Atharratze Beristain sarituak ere. Harekin batera, sokatira taldeko Jabier Urreisti, fausto Mugerzaren seme Ugaitz Mugerza aizkolaria, Jorge Iruretagoiena txirrindularia eta Oihana Kortazar mendi lasterkaria.

Bideoan mahai-inguruko zati bat ikusi dezakezue: