Bertan Mutrikuko Merkatarien Elkarteak bere web orrialdea aurkeztu du

2014/06/25

Mutrikuko Merkatarien Elkarteak web orrialde berria aurkeztu du, elkartearen inguruko informazioarekin, elkartekide bakoitzaren gunearekin eta Mutriku nahiz elkartearen inguruko albiste nahiz ekintzekin. Web orrialde honen helburua mutrikuarrengandik hurbil egotea da eta kanpotik etorri daitezken bisitariei herriaren inguruko informazioa zabaltzea.

Bertan, Mutrikuko Merkatarien Elkarteak, garai berrietara moldatzeko helburuari jarraituz web orrialde berria ireki du, Online gaude lelopean. Web guneak elkartearen inguruko informazioa eskaintzeaz gain, elkarteko kide diren zenbait komertzio, jatetxe, taberna nahiz zerbitzuetako profesionalen inguruko gunea du. Nahiz eta egun 49 elkartekide izan, hasiera batetan 30 bat komertzio inguruk osatzen dute webguneko atal hau. “Ia hiru hilabetetako lana izan da eta elkartekide guztien informazioa jaso, diseinu erakargarria egitea eta dena koordinatzea zaila izan da, hala ere denbora gutxian elkartekide guztien inguruko datuak betetzea espero dugu” gehitu du Inhar Mutiozabal, Bertan elkarteko estrategia eta diseinu arduradunak.

Elkarteko arduradunek webgune dinamiko bat egitea dute helburu eta horretarako elkartekide nahiz elkartearen informazioaz gain albiste nahiz ekintzen atala ere gehitu diote guneari. Atal honen bitartez Mutrikuko albiste deigarrienak eta elkartekideen inguruko albisteen bitartez sendotuko dute maiz. “Ez dugu webgune erabat informatiboa nahi, mugimendua sortzea nahi dugu eta herrian erreferentzia gunea izatea” gehitu du Inhar Mutiozabalek. Gainera, elkartekideen ataletan bezeroek
euren iruzkinak plazaratzeko aukera ere izango dute, kritika positibo nahiz negatiboak ongi etorriak izango direlarik beti ere hobetzeko eta konpetitiboagoak izateko ideia landuz. Baina elkarteak bere begiak ez ditu Mutrikun bakarrik jarri eta kanpoko bisitariek ere informazioa eskuragarri izatea oso garrantzitsua dela gehitu dute: “kanpotik datorren bisitariak edo eta inguruko biztanleek non zer aurki dezaketen, zeintzuk diren gure ordutegi nahiz helbideak oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun”
aipatu dute. Horregatik hasiera batetan euskara nahiz gazteleraz egon badago ere webgunea, datorren urterako ingeles nahiz frantsesez ere informazioa plazaratzea euren helburuetako bat da.

Aurten Udaberriko beherapenen ekintza ondoren, Bertan elkarteak aurrera eramaten duen bigarren ekintza izan da webgunearen eraketa. Elkarteko estrategia arduradunaren hitzetan, hurrengo hilabeteetarako zenbait ekintza aurreikusita dituzte, eta lanean dabiltz herriko komertzio gunea sendotzeko.