Bertoko arrainekin egindako zoparen dastaketa egongo da zapatuan

2014/05/08
Urgain jatetxeko Xabier Osa sukaldari mutrikuarrak prestatuko du 300 lagunentzako dastaketa; ekimena 12:30ean, portuan izango da.

300 lagunek Xabier Osa sukaldari mutrikuarrak prestatutako arrain zopa dastatu ahal izango dute zapatuan. Dastaketa 12:30ean, portuan izango da, eta Balea elkarteak antolatutako ekimena da.

Debako Urgain jatetxeko burua izango da bertoko 40 kilo arrain erabilita zopa egingo duena. Ekimenaren helburu nagusia sasoiko arrainei duten balioa ematea da; bere garaian berdelarekin egin zen bezala. "Berdel Eguna zentzu horrekin jaio zen. Berdela jaki askotarako erabili daitekeen arrain ederra da, baina ez zeukan tokatzen zitzaion lekua", azaldu dute Balea Elkartetik. "Orain gauza bera egin nahi dugu kalitate eta maila bera eduki beharko luketeen beste zenbait espezierekin, esaterako, karraspioa edo hemen esaten zaion bezala durdoa, arraingorria edo perloia, txilibitua edo txistua edota itsas-aingira (gazteleraz, congrio esaten zaiona).

Arrain zopa dastatzera hurbiltzen direnek euro baten truke lortuko dute euren anoa edo razioa. Guztira, 300 zerbitzatuko dira, loja zaharreko arkupeetan.

arrain zopa