Bertso jaialdi bikaina egongo da irailaren 7an Miruaitzen

2012/08/31
Mutriku Bertso Eskolak klasikoa bihurtu den bertso jaialdia antolatu du; Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga dira egunerako prestatutako karteldegi bikaina osatzen duten bertsolariak.

Bertso jaialdia izango da hurrengo asteburua irekiko duena. Urteko bertso saio garrantzitsuena izanik, herriko bertso eskolakoek, aurten ere, karteldegi bikaina lotzea lortu dute. Oholtzaratu diren bertsolariak aski ezagunak dira, eta batzuk besteek baino ibilbide luzeagoa duten arren, guztiek erakutsi dute bertsoa euren alorra dela. Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga dira mutrikuarren gozamenerako kantuan ariko direnak. "Normalean 200 lagun inguru batzen dira saio honetarako. Aurten ere horrelako zerbait izango dela uste dugu", dio bertso eskolako kide Xabi Astigarragak. "Ohiko zita da irailekoa, eta herritarren gustura hartzen dute. Herrian bertsozaleak badira eta horrelakoak eskertzen dituzte". 

Jaialdia hilaren 7an, 23:00etan, Miruaitz pilotalekuan, izango da. Sarrerak ezingo dira aldez aurretik erosi. Egunean bertan lehiatilan bost euroren truke salduko dira. 18 urtetik beherakoak eta langabetuak sarrera doan izango dute.