Bihar [azaroak 4] San Agustin kalea itxita egongo da ibilgailuentzat zenbait orduz

2014/11/03
Kalean galipota bota behar dute eta lan hori amaitu arte ibilgailuak ezingo dira ez irten ez sartu; mugitu nahi izanez gero, kale horretako edozein txokotan dauden ibilgailuak 07:00etarako mugitu beharko dira.

Bihar [azaroak 4] ibilgailuek ezingo dute San Agustin kalea erabili. Ez behintzat bertan egingo den lana bukatu arte. "Kalean galipota botatzera datozela abisatu berri digute, eta jakin bezain azkar herritarrei jakinarazi nahi izan diegu", adierazi du gobernazioburu Joxean Agirregomezkortak.

Kaleko hainbat zatitan ariko dira lanean.  Beraz, kale horretako edozein txokotan dauden ibilgailuak 07:00etarako mugitu beharko dira: mugitu nahi izanez gero. "Lana bukatu bezain laster zabalduko da bidea, baina bien bitartean ezingo dira ibilgailuak mugitu. Presarik ez duenak lasai utzi dezake ibilgailua komentuko aparkalekuan, zein Montalivetekoen edota Kutxako parean. Izan ere, konponketa lanek ez die gune horiei eragingo", azaldu dute udal teknikariek.

Galipota Eroskiko bidegurutzetik komentura jaisteko eskilaretaraino botako dute, baita Correos pareko zati eder baten ere.

Beheko plaza inguruetatik irteteko (Barren kale eta inguruetakoak, esaterako), edota Beheko plaza inguruetara sartzeko (banatzaileek, bertaratzeko beharra duten herritarrek...) Erdiko kaletik bideratuko da trafikoa. Lan hori udaltzainek zuzendu eta zainduko dute.

IRISGARRITASUNA LEHENTASUN

Azken egunetan San Agustin kalean bertan udal brigada ere lanean aritu da. Irisgarritasunari lotutako lanak egiten aritu dira.

Zehatz esateko, komentura jaisteko eskilaren parean zebra-bidea jartzeko lanean aritu dira, bidearen bi aldeak lotzeko. Eta espaloiaren jarraipena izan dadin - besteak beste, ezinduentzat zein umeen kotxeekin dabiltzanentzat -, altuera jakin bat edukiko du zebra-bideak.