Bihar hondakinen gaiaren inguruko ez ohiko bilkura egongo da
Alkateak udal gobernuak onartutako proposamena mahairatu zuen hondakinen gaia landu zen azken bilkuran. Alderdi guztiek begi onez ikusi zuten proposamena, baina proposamena bozkatu gabe laga, aztertu eta hurrengo bilkuran baten erabakia hartzekotan gelditu ziren. Honakinen inguruko bilkura hori, bihar, 19:00etan, udaletxean egingo da.
Alkateak aurkeztutako proposamenak hiru puntu nagusi jasotzen zituen: lehenik, gaiak nahikoa garrantzi duelako eta trataera bakartu eta berezia behar duelako, Hondakinen Batzordea deituko den batzorde informatzaile berezia sortzea.
Bigarrenik, informazioa herritarren artean zabaltzeko parte hartze prozesua abiaraztea. "Hiri Hondakinen Kudeaketari buruzko erabaki bat hartzeko, behar-beharrezkoa dela azken sei urteetan Gipuzkoan zehar martxan jarri diren sistemen inguruko informazioa eskaintzea mutrikuar guztiei, bai ikuspegi teknikotik bai ikuspegi ekonomikotik. Hori izango litzateke batzorde informatzailearen lehenengo zeregina", azaldu zuen Joseba Palenzuela alkateak.
Hirugarrenik, parte-hartze prozesu horren azken "helburua kudeaketa eredu egokiena erabakitzea izango dela pentsatuta", Mutrikuko Udalak herri galdeketa deitzea. "Galdeketa noiz izango litzatekeen, galderak zeintzuk izango liratekeen eta prozesua nola egingo litzatekeen Hondakinen batzordeak zehaztuko luke. Hortaz, batzorde horren zeregin nagusia horixe izango litzateke", nabarmendu zuen.
BIHARKO GAI ORDENA:
(Klik egin eta handitu irudia)