Bihartik abuztuaren 14ra kiroldegia goizez zabalduko da

2013/07/01
Urte erdiko bazkidetzak egiteko aukera edukiko dute bazkide ez diren herritarrek; urteko kuota ordainduta dutenen bazkidetza urte amaierara arte mantenduko da.


Uztailaren 2tik abuztuaren 14ra, 09:00etatik 14:00etara, egongo da zabalik kiroldegia. Hilabete eta erdi horretan, erabiltzaileentzat zabalik egongo diren guneak honakoak izango dira: fitness gela, aldagelak, sauna eta kantxa. “Irailean hasiko da kiroldegia bere osotasunean martxan”, aitatu du kirol zinegotzi Iban Arrunategik. Uztailean eta abuztuan kirol teknikaria izango da kiroldegia zabalduko duena eta tramiteak egingo dituena

Aipatutako denbora tartean, bazkide ez direnek bazkide egiteko aukera edukiko dute. Uztailean eta abuztuan bazkide egiten direnetzat, gainera, eskaintza berezia egongo da: urte erdiko bazkidetza egiteko aukera. “Orain arte bi aukera zeuden: urteko kuota ordaintzea edo irailetik urte bukaerara artekoa ordaintzea. Irailekoa, proportzioan garestiagoa izaten da. Gure asmoa, urteko kuotaren erdiagatik, uztailetik abendura arteko bazkidetzak egitea da”. Horrela, esaterako, 18 urtetik gorako pertsona batek, aipatutako epeen barruan bazkide egiteagatik 17,37 euro aurreztuko ditu. “Erabiltzaile mota horrek irailean bazkide egiteagatik 61,63 euro ordaindu beharko lituzke. Udalaren eskaintzari esker, lau hilabeterako beharrean, sei hilabeterako bazkidetza eskuratuko du, eta 44,26 euro ordainduko ditu”, azaldu du Arrunategik. 

2013ko urtarriletik kiroldegiko bazkide direnek, berriz, abendura arte zerbitzuez gozatzeko aukera edukiko dute, “zuzendaritza aldatu ez balitz bezala”. Hilabete eta erdiz zabalik dauden guneetara sartzeko eskubidea izango dute, eta irailetik aurrera kiroldegiko gainontzeko aktibitatez gozatzeko aukera edukiko dute, orain arte bezala”, esan du Arrunategik.

Erabiltzaileren batek kontrakoa adierazi ezean, 2014ko urtarrilean bazkidetza guztiak berrituko dira.