Bihartik aurrera herriko zaborra nola batu nahi duten erabakiko dute mutrikuarrek

2014/09/22

Hondakinen bilketa hobetzeko partaidetza prozesua: informatu, pentsatu eta erabaki prozesua martitzenean hasiko da. Herritarrei informazioa eskaini, hausnartu eta proposamenak egitea lortu nahi du prozesua kudeatzen ari den Hondakinen Batzordeak.

Herritarrak prozesuaren partaide aktibo izatea nahi du Hondakinen Batzordeak; hori dela eta, bihartik aurrera Zabiel Kultur Etxean egingo diren batzar eta saioetan parte hartzeko deia egin zaie mutrikuar guztiei. Saioei dagokionez, bi herritar taldeetan banatuta egingo dira. Alde batetik, herritar guztiei irekita egongo diren saioak egongo dira, eta, bestetik, hondakin sortzaile bereziei (merkatalguneak, ikastetxeak, jantokiak, enpresak, tabernak…) zuzendutakoak.

Saioen ondoren, egindako azterketa eta proposamenak oinarri hartuta, herri galdeketa prestatzen hasiko da Hondakinen Batzordea. Mutrikuarrek nolako zabor bilketa nahi duten erabaki ahal izango dute azaroaren 30ean.

 

GALDEKETA EGIN AURRETIK ANTOLATU DIREN SAIOAK

  • Irailak 23: Egungo hondakinen egoera eta bilketa sistema aztertzeko saioa.

                      15:30ean. Sortzaile berezientzako saioa izango da.

                      18:30ean. Herritar guztiei irekitako saioa.

  • Urriak 7:   18:30ean. Mahaingurua. Hondakin bilketa sistema desberdinak aurkeztuko dira, gonbidatu desberdinen eskutik.
  • Urriak 14-15: Hondakin bilketa sistemak aurkeztuko dira. Sistema desberdinak ikusiko dira.

                      Urriak 14, 18:30ean. Saioa herritar guztiei irekia izango da.

                      Urriak 15, 18:30ean. Hondakin sortzaile bereziei zuzendutako saioa.

  • Urriak 28-29: Mutrikuko  sistemaren ezaugarriak proposatu, eta bilketa sistema berriak izan behar direnaren ezaugarriak proposatuko dira.

                     Urriak 28, 18:30ean. Herritar guztientzako saio irekia.

                      Urriak 29, 18:30ean. Hondakin sortzaile bereziei zuzendutako saioa.