Zaharrak Berri antzezlana domekan Zabielen

2015/11/20
Itzurungo Uhinak talde zumaiarra Zaharrak berri lana aurkeztuko dute Mutrikun datorren igandean arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Sarrera bakoitzaren kostua hiru eurokoa izango da eta kultur etxean bertan salduko dira saioa hasi baino orduerdi lehenago.

Itzurungo Uhinak talde zumaiarrak Zaharrak berri izeneko lanarekin datoz Mutrikura, Inaxio Tolosaren gidaritzapean.

Domekan izango da saioa, iluntzeko 19:00etan. Esamolde ezaguna erabili dute ikuskizuna izenpetzeko. Gainera, zahar eta berri hitzekin halako joko bat egiten dute; hau da, adinekoek proposamen berria dakartela adierazi nahian. Izenburuaren atzean zahartzaroaren gaia dagoela aurreratu du Tolosak. «Aurreko lana –Zer diyon?– taldeko aktoreen bizitzan oinarritutako dokumento bat izan zen: frankismoa, hezkuntza, bizimodua… Oraingo honetan, etorkizuna du­gu  hizpide. Eta etorkizuna zer da? Zahartzea».

 


Zahartzaroa puri-purian dagoen gaia izanagatik, oraindik asko sakondu beharrekoa dela iritzi dio antzelaneko zuzendariak. «Gero eta film gehiagok jorratzen du zahartzaroa. Guk beste ekarpen bat egin nahi izan diogu: zer zahartzaro mota nahi dugu? Zer pentsatzen dugu zahartzaroaz? Hausnarketa bat da, baina umore giroan». Gaia serioa bezain sakona da, baina Zaharrak berri komedia bat da eta jendeak barre egin dezan bilatzen du. «Gauzak berdin-berdin esan daitezke umorearekin ere».
Argumentu berezia du, gainera. Istorioa zaharren egoitzako bigarren solairu batean gertatuko da. «Karta jokoan jokatzeko edo gurutze-puntua egiteko eremu horretan», zehaztu du Tolosak. Solairu horretan daudenen elkarrizketetatik abiatuko dira, zaharren betiko topikoak taularatuz. «Momentu batean, pertsonaietako batek solasaldia etengo du, Doña Rogelia moduko zaharrak jada desagertu direla esanez». Hortik aurrera, zahartzaro «fosila» baztertu eta zahartzaro «martxoso» bati heltzen diote. «Komedia arrosan erortzen dira, ligatze kontuekin. Baina momentu hori ere eten egingo du beste pertsonaia batek». Nolabait ere, zahartzaro modernoa baten bila hasiko dira, etorkizunak benetan nolako izan behar duen eztabaidatzen.