2021eko MUTRIKULAN DIRULAGUNTZEN BANAKETA EKITALDIA

2022/02/13

 

2021eko Mutrikulan dirulaguntzen banaketa ekitaldia ospatu zen pasa den ostiralean.
Guztira, 5 enpresa proiekturen artean, 35.824,38 euroko dirulaguntza banatu du Mutrikuko Udalak.

Joan den ostiralean banatu ziren Udalak finantzatutako Mutrikulan programako iazko dirulaguntzak. Bost enpresa proiektu izan dira aurtengoan diruz lagundu direnak: Oier Agirrezabala, Lumagorri oilaskoen haztegiaren titularrak 3.300 euroko dirulaguntza jaso du; Goxart Obradorea S.L. enpresak 15.250,00 eurokoa, Luma Fit S.L. enpresak 8.824,38 euro,  Eva Ibarrola Urreisti (Tximak ileapaindegiak) 3.300,00 euro eta Joseba Delgado Diez-ek (Kai jatetxea) 5.150,00 euroko dirulaguntza.  Modu honetan, Mutrikun enplegua sortzeko eta ekintzailetasuna bultzatzeko laguntzak emateko programaren (Mutrikulan) 2021eko deialdiaren baitan udalak guztira 35.824,38€ euroko laguntza eman du. 

Dagoeneko 8 urte dira, Mutrikuko Udalak herriko enpresa proiektu iraunkorrak eta lanpostu berriak sortzeko helbururiarekin herriko ekintzaileak diruz laguntzen dituela. 40 izan dira 8 urte hauetan udalak lagundu dituen enpresa proiektuak eta hauetatik 30ek oraindik lanean jarraitzen dute. Beraz, urte hauetan zehar lagundutako enpresen %75ak bere horretan jarraitzen dute eta 48 lanpostu berri sortu dira egun martxan dauden enpresa horietan.

2013an jarri zen martxan lehenengoz dirulaguntza lerro hau herrian, eta hasiera hartan 7.000 euroko aurrekontu lerroa izan bazen ere Mutrikulan, urteekin dirulaguntzen aurrekontua handitzen joan da, azken urte honetan 40.000 euroko dirulaguntza lerroa izatera iritsi arte. 2022 urte honetarako ere Udalak 40.000 euroko aurrekontua onartu du, enplegua sortu eta ekintzailetasuna bultzatzeko laguntzak bideratzen jarraitu ahal izateko.

Mutrikulan dirulaguntzak, Udaleko garapen sailak kudeatzen ditu, turismo bulegotik eta bertatik egiten da ekintzaileen jarraipena. Garapen sailak, ekintzaileei zuzendutako lanen artean, dirulaguntza hau kudeatu eta tarteka formakuntza saioak antolatzeaz gain, herriko ekintzaileak Debegesako garapen sailarekin kontaktuan jartzen ditu euren negozio plana garatzen lagundu ahal izateko eta aukeran dituzten laguntzen berri izan dezaten. 

Mutrikuko Udalak enpresa proiektu edo ideia bat duten herritar guztiak Turismo Bulegoan aurkitzen den garapen saileko lantaldearekin kontaktuan jartzera gonbidatzen ditu, Mutrikulan dirulaguntzaren inguruan edo eta udalak eskaini diezaiokeen edozein laguntzari buruz aholkatu ahal izateko.

Turismo bulegoa: Tel. 943 60 33 78 / koordinatzailea.mutriku@gmail.com