ELIKAGAIEN BANKUAK. MALENETARAKO BILKETA BEREZIA

2015/07/03
Uztailaren 9an, 10ean eta 11n herriko establezimenduetan burutuko den ekimen honen bitartez, gutxien dutenei laguntasuna ematea dute helburu Elikagaien bankuko bolondresek.

Gutxien dutenei laguntasuna ematen urte osoko jardunean bi data berezi dituzte Elikagaien bankuko kideek: Gabonak eta Malenak. Malen jaixak urreratzen ari diren honetan, Mutrikun Elikagaien bankuan lanean diharduten herritarrek Malen jaietarako bilketa berezia egitea erabaki dute, izan ere, oraindik ere gehienok ezinbestekotzat jotzen ditugun beharrak ase ezinik bizi den familia kopuru dezentea baitago gure herrian.

Uztailaren 9an, 10ean eta 11n herriko establezimenduetan ipiniko diren kutxetan herritarrok gure ekarpena egin ahal izango dugu gure erosketaren zatitxo bat beharrean dagoen jendeari eskaintzeko. Kanpaina honen leloak ere horixe dio: “Zure erosketaren pixka bat ASKO DA!”. Kutxez gain, establezimenduetan bertan itsulapikoak ere ipiniko dira, nahi duten guztiek bere ekarpena egin ahal izan dezaten eta diru horrekin bestelako jaki batzuk erosi ahal izateko.

Bilketa egun horietan jasotzen diren elikagai guztiak jaso eta antolatu ondoren, Elikagaien bankuko boluntarioek Malen aurretik egingo dute horien banaketa.

Elikagaien Bankuko ordezkariek adierazi dutenez, iaz ere egin zen bilketa kanpaina berezia, eta, mutrikuarron eskuzabaltasunari esker, emaitzak oso onak izan ziren: 1.012 kilo elikagai, 260 euro itsulapikoetan, 73 konpresa-pakete, eta umeentzat 30 pardel-poltsa, 5 toallita busti pakete, 5 kaxa zereal, 4 kaxa esne, 4 potito, 41 kilo fruita doantzan eta 252 jogurt Water-polokoen doantza.

Amaitzeko, ahalegin berri bat egiteko eskatzen zaie mutrikuarrei bakoitzaren apur batekin asko lortuko dutelako beharra dutenei laguntzeko.