Datorren astean hasiko da Aldundia Agirre Lehendakaria kaleko konponketekin
Datorren astean hasiko dira Agirre Lehendakaria kalean jausitako etxebizitza guztiz bota eta errepide inguruak konpontzeko obrak. Hala ziurtatu dute Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako departamenduko teknikariek.
Etxea erori zenetik, Udala eta Aldundia eta etxebizitzaren jabeak hartu-emanetan egon dira, eta egin beharreko lanak Aldundiak bere gain hartzea adostua dute. Joan den astean Aldundiko teknikariek, udal teknikariekin batera, gertaeraren lekua aztertu zuten. Adierazi zutenez, lehendabizi erdi erorita dagoen etxebizitza botako dute. Ondoren, errepidearen kontra gelditzen den paretarekin hasiko dira. “Orduan izango da gertaeraren nondik norakoak guztiz argitzeko unea, eta hala egingo dutela adierazi dute”, azaldu du udal aparejadoreak. Konponketa guztiak egin bitartean, trafikoa semaforo bidez erregulatuko dute.
Agirre Lehendakaria kalean egin beharreko obra guztia Bide Azpiegituren departamenduak ordainduko du. Eta lanak Altuna eta Uria enpresari esleituko dizkiote. “Asteon ingurua mugatzeko eta lanean hasteko materiala bertaratzeko erabiliko dutela jakinarazi dute, eta datorren astean lanean hasteko moduan izango direla ziurtatu dute”.