Datorren astelehenean amaitzen da kontribuzioa ordaintzeko epea

2013/07/09
Ordainagiria jaso ez dutenek edota ordainketa egiaztagiririk ez dutenek udaletxera jo beharko dute; behin borondatezko epea amaituta, ordaindu ez dutenek errekargua edukiko dute.

Hondasun Higiezinen Gaineko Zerga, edota ezagunagoa zen bezala kontribuzioa, astelehenerako, hilak 15, ordainduta eduki beharko lukete herritarrek. Egun horretan amaitzen da aipatutako zerga ordaintzeko borondatezko epea; hortik aurrerako ordainketek errekargua edukiko dute.

Ordainketa helbideratuta dutenek, ordaindu dutela egiaztatzen duen agiria eduki beharko lukete eskuartean. Ordainketa helbideratuta ez dutenek, berriz, ordainagiria etxean jaso behar zuten, eta harekin dagokion ordainketa egin. "Ordaingaria jaso ez duen herritarren bat balego, edota ordainketa helbideratuta eduki arren, egiaztagiririk jaso ez duen herritarren bat balego, udaletxeko Interbentzio bulegora etorri beharko luke", azaldu dute udal teknikariek.

Borondatezko epea amaitzean, ordaindu gabe dauden erreziboen aurka prozedura exekutiboa hasiko da, eta zerga dagokion errekarguarekin ordaindu beharko dute egoera horretan dauden guztiek.