Debabarrenako 57 baserrik bat egin dute Interneten

2012/08/02
Eskualdeko baserritarrek euren produktuen eta saltokien berri ematen dute bertan; tartean, Mutrikuko 12 baserri daude.
Interneten atari berri bat dago: baserrikoa.com. Debabarrenako baserritarren erakuslehioa izateko sortutako ataria da, eta bere helburua kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko tartea txikitzea da. Baserrikoa.com

webgunearen sortzaileek gaur egungo bizitzari erreparatu diote: alde batetik, herritarren ordutegiak eta merkatuenak ez datoz bat, eta gero eta gehiago dira Internet bidez informazioa bilatu edota erosketak egiten dituztenak. Egoera horri irtenbidea ematea da gunearen bidez lortu nahi dutena. 

 

Mutrikuko 12 baserri ez ezik, Eibarko 10, Soraluzeko 6, Elgoibarko 12 eta Debako 13 baserri ere gehitu dira ekimenera. Webgunean baserri bakoitzaren fitxa eskuratu daiteke, eta besteak beste, eskaintzen dutena eta dituzten salmenta tokien berri ematen dute. Zenbait baserrik on-line erosketak egiteko aukera ere eskaintzen dute.

Produktuen eta ekoizleen gaineko informazioarekin batera, baserrikoa.com atariak informazio osagarria eta erabilgarria ere eskaintzen du. Eskualdeko feria guztien egutegia eskuratzeko aukera dago, esaterako. Urteko sasoiaren araberako produktuen banaketa taula ere eskuragarri jarri dute, baita haiekin egin daitezkeen errezeten zerrenda ere.

Gainera, auzoetako jaiak noiz diren, auzoen inguruko informazioa, ibilbide gastronomikoak egiteko aukera, naturari lotutako informazioa... ere aurki daiteke bertan.