Debabarreneko Udalek, Debegesaren bitartez, enpresa berrien eta enpleguaren sorrera bultzatu dute eskualdean

2014/02/21
2013an Debegesa Garapen Agentziak ekintzailetzari buruzko 160 kontsulta jaso zituen eta 21 enpresa berri abian jartzen lagundu zuen. Horietatik 4 enpresa industria arlokoak dira –metalaren sektoreko enpresa 1 eta industria sektore berriei lotutako 3 enpresa-, Enplegu Planaren ondorioz sortuak.

2013an Debegesa Garapen Agentziak, Berrikuntza eta Enpresa Sailaren bitartez, bultzatu dituen ekimen eta jarduerak Debabarreneko eskualdearen promozioa eta garapen ekonomikoa lortzera egon dira bideratuta, horretarako enpresa berrien sorrera bultzatuz.

Eskualdean ekintzailetza sustatzea helburu duen Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, iaz 160 pertsona hurbildu ziren Debegesara enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske, eta kontsulta horien ondorio, 21 enpresa berri sortzen lagundu zuen Debegesak. Azken bi urteetako datuei erreparatuz gero, gure eskualdean sortu diren enpresa berrien kopurua mantendu egin dela esan genezake (2012an 22 enpresa berri sortu ziren Debegesaren laguntzarekin).

Azpimarratzekoa da, 21 enpresa berri hauei esker, 37 lanpostu sortu direla, 2012an baino %12 gehiago, hein handi batean, industria arloko 4 enpresa berriren sorrerari esker. 4 enpresa hauen artean, 11 lanpostu sortu dira.

Datuak positiboak dira, eta jarduera industrialak enplegua sortzeko duen ahalmena agerian uzten dute. Halaber, datuek garbi erakusten dute sektore industrialaren sustapenerako Debegesak, eskualdeko udalen laguntzarekin, aurrera daraman ‘Bai Industriari!’ egitasmoaren emaitza onak.

Hain zuzen, eskualdeko Enplegu Planak ahalbidetu du industria sektoreko 4 enpresa hauen sorrera, Debabarrenean proiektu singularrak bultzatzeko egindako ahaleginaren baitan. (*bosgarren enpresa bat ere sortu da Enplegu Planaren ondorioz, teknologia berriei lotua). Enpresa hauetako bat metalaren sektorekoa da, eta gainerako hiru enpresak industria sektore berriei lotutakoak, hala nola, elikagaien transformazioa, ikus-entzunezko produkzioa eta informazioaren industria. 

IRAUPEN-TASA ALTUA
Bestalde, azpimarragarria da, azken 5 urteetan, 2008 eta 2012 bitartean, Debegesaren laguntzarekin sortu diren enpresen iraupen-tasa %80koa dela. Iraupen-tasa altua da oso, hein handi batean, Debegesak negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan ezartzen duen exijentzia maila altuarengatik. Exijentzia maila honek enpresen eta enpleguaren etorkizuna bermatzea bilatzen du beti ere.

Ekintzaileen profilari dagokionez, 2013an enpresa berri bat abian jarri duten 32 lagunetatik, erdia emakumezkoak dira eta beste erdia gizonezkoak. Bestalde, %70 baino zertxobait gehiago langabezian zegoen. Honela, autoenplegua lan-irtenbidea da askorentzat.

Adinari dagokionez, 25 eta 45 urte bitarteko pertsonak ziren gehienak, %70 inguru. 45 urte baino gehiagokoak dira %18 eta gainerakoa, %12, 25 urtetik beherakoak.

Herriz herriz, enpresa berri gehienak Eibarren kokatu dira, 11, hain zuzen ere; Elgoibarren 4, Deban 2, eta enpresa bana Soraluzen eta Mutrikun.

EKINTZAILETZA SUSTATZEKO 1.500€-KO LAGUNTZAK
2013an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzailetza sustatzeko egindako bi diru-laguntza deialdiren baitan, Debabarreneko 7 lagunek 1.500 euroko laguntza jaso zuten euren negozio-ideiak abiarazteko.

Gure eskualdean deialdi hauek Debegesa Garapen Agentziak kudeatu zituen, Lanbideren erakunde kolaboratzailea baita. Momentu honetan, zazpi pertsona hauek euren enpresa-proiektuak garatzeko fasean daude, Debegesaren laguntza eta babesarekin.