Domekan izango da Debabarreneko VI. BTT Martxa

2014/10/16
Izena emateko azken eguna bihar da eta 'kirolprobak.com' webgunean dago horretarako aukera

Aurten Debabarreneko BTT Martxa egiten den seigarren aldia izango da. Domeka honetan izango da, eta izena emateko epea zabalik bihar arte. Aurten ere, iaz bezala, izen-ematea online bakarrik egin ahal izango da www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. "Partaideei jakinarazi nahi zaie, egunean bertan ezingo dela izenik eman", adierazi duten antolatzaileek.

Parte-hartze errekorra hautsi zuen iaz Debabarreneko BTT Martxak, 402 kirolarirekin, eta aurten ere parte-hartze handia espero da.

09:00etan emango zaio hasiera probari. Ohi bezala, irteera eta helmuga puntua Elgoibarko Mintxeta Kirolgunean egongo da, Debabarreneko BTT Zentroa bertan dago eta. Bizikleta zaleek bi ibilbideren artean egin ahal izango dute aukera: bata laburra, 25 kilometrokoa, eta bestea luzea, 45 kilometrokoa. Biak ala biak Karakate inguruan.
Prezioari dagokionean, txirrindularitzan federatuek 15€ ordaindu behar dute eta federatuta ez daudenek 18€. 

Proba amaitutakoan, partaide guztien artean opariak zozketuko dira, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...

Proba Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Debegesa Garapen Agentziak elkarrekin antolatzen dute, Debemen eta eskualdeko BTT kluben laguntzarekin. "Martxa herrikoia da, ez lehiakorra. Helburua da partaide guztiei, bertakoei zein kanpotik etorritakoei, mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea", nabarmendu dute.

Probari buruzko informazio osoa, ibilbideak, izen-ematea, sariak, etabar, www.debabarrenaturismo.com webgunean.